GARA Euskal Herriko egunkaria

Torturaren egia zabaltzeko bi mintzaldi antolatu dituzte Iruñean

Torturatuen Sareak bi solasaldi iragarri ditu Iruñean, torturaren errealitatearen berri emateko. Azaroaren 17an Medikuen Elkartean izango da lehena, eta 20an Kondestablen bigarrena. Pozik daude Nafarroan gaia itzaletik ateratzeko pausoak eman direlako.

Jorge Txokarro eta Ainara Gorostiaga, mintzaldien aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Torturaren errealitatearen berri emateko bi hitzaldi antolatu ditu Torturatuen Sareak, Iruñean, azaroaren 17an eta 20an. Talde honetako kide Ainara Gorostiagak aurkezpenean azaldu zuenez, lehen mintzaldia azaroaren 17an izango da Nafarroako Medikuen Elkartearen egoitzan (Nafarroa Beherea etorbidean), 18.30ean. “Tortura, Nafarroatik haratago” izenburua jarri diote solasaldiari, eta Angel del Cura Anton, Olivier Peter, Helena Sola eta Santiago Bereciartua nazioarteko adituak mintzatuko dira. Nafarroako Gobernuaren laguntza du ekimen honek.

«Torturaren errealitatea, zoritxarrez, Nafarroatik eta Euskal Herritik harago doa, eta horregatik ekarri ditugu aditu hauek. Hitzaldiak zabalik izango dira edonorentzat, eta dei berezia egiten diegu interesa duten pertsonei, gugana hurbil daitezen», adierazi zuen.

Bigarren mintzaldia azaroaren 20an izango da Kondestablearen jauregian (Kale Nagusian), Santiago Bereciartuaren eskutik. Argentinan giza eskubideen aldeko lanetan eskarmentu handia du Bereciartuak, eta Hego Amerikako herrialde hartan izandako diktadura garaian pairatu zituzten tortura kasuei buruz jardungo du hitzaldian.

Aurrerapausoak

«Azken garaian torturaren gaia Nafarroan itzaletik argira» ateratzen ari dela nabarmendu nahi izan zuten. «Kriminologiaren Euskal Institutuak abiatu duen torturaren ikerketa da horren adibide argia. Kontziente gara oraindik bide luzea gelditzen dela egiteko. Baina gure herrialdean 1979tik 2012ra bitarte gertatutako tortura kasuen argazki osatuago bat eduki ahal izatetik hurbilago gaude», adierazi zuten.

«Guretzat ezinbestekoa da torturak Nafarroan izan duen eragina gizarteratzea eta zabaltzea, gertatutakoen berri ematea, eta arrazoi politikoengatik Estatuaren segurtasun indarrek eragindako tratu txar eta torturak ikertzea, horixe baita praktika hau desagerrarazteko modurik eraginkorrena», gaineratu zuten.