31 OCT. 2022 Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Santurtzin bikotekideari arma batekin eraso egiteagatik Bere bikotekideari arma zuri batekin eraso egiteagatik, Ertzaintzak 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, Santurtzin, eta ustezko hilketa saiakera leporatu dio. Emakumea Gurutzetan artatu zuten. Genero indarkeriaren aurkako egunaren harira, Ezkerraldeko mugimendu feministaren mobilizazio bat. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA BILBO Ertzaintzak 37 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo goizean Santurtzin, ustezko hilketa-saiakera bat egotzita, eztabaidan ari zirela bikotekideari arma zuri batekin eraso egiteagatik. Biktima ospitalera eraman behar izan zuten, lepoan eta besoan ebakiak zituela, Polizia autonomikoak ohar batean aditzera eman zuenez. Ertzaintzak goizeko hamar eta erdiak pasatuta jaso zuen abisua Santurtziko etxebizitza batetik. Deitzaileak jakinarazi zuenez, ustezko genero indarkeria bat gertatzen ari zen, eta honen harira patruila bat etxebizitzara hurbildu zen. Han, poliziek lepoan eta beso batean zenbait ebaki odoletan zituen emakumea ikusi zuten. Jakin zutenez, une batzuk lehenago eztabaidan ari zirela, bikotekideak labanaz eraso egin eta aipatu zauriak eragin zizkion emakumeari. Ondorioz, Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten. Horiek hala, agenteek erasotzailea atxilotu zuten, ustezko homizidio saiakera egotzita. Irunen atxilotutakoa, libre Bestetik, Irungo etxebizitza batean emazteari erasotzeagatik larunbatean atxilotu zuten 86 urteko gizona aske geratu zen atzo, epailearen aurrean agertzeko zain, Segurtasun Sailak Efe agentziari azaldu zionez. Segurtasun Sailak berak larunbatean aditzera eman zuen, ostiraleko gauerdia baino pixka bat lehenago, Irungo etxebizitza batean «liskar bat gertatzen» ari zela jakin zuela Ertzaintzak. Abisua jaso orduko, inguruan zaintza-lanak egiten ari zen patruila bat etxebizitzara hurbildu zen, eta barruan adineko emakume bati bikotekideak eraso egin ziola ikusi zuen. Emakumea osasun zentro batera eraman zuten, protokolo bidez, hasiera batean larriak ez ziren lesioak tratatzeko. Jazotakoa ikusita, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, poliziek ustezko eraso- tzailea, 86 urteko gizonezkoa atxilotu zuten, genero indarkeriako delitu bat egotzita. Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak elkarretaratzea deitu du gaur, 12.30tan, eraso matxista hau salatzeko.