GARA Euskal Herriko egunkaria

Ernaik «Orain dugu aukera» dinamika abiatu du, «bizitza duinen» alde


Gasteizen aurkeztu zuen Ernai gazte antolakundeak ikasturte honetako dinamika, atzo, “Orain dugu aukera” lelopean. Etorkizunerako itxaropen guztiak zapuztu dizkietela salatu zuten, eta horren aurrean «orain dena aldatzeko» aukera gazteena dela adierazi zuten.

Hiru aldarri nagusi biltzen ditu dinamika berriak. Batetik, «gazteen bizitzen berehalako duintzea». Bestetik, gazte guztien bizitza duinak eskuratzeko neurriak proposatzen dituzte: «Merkatuaren interbentzioa eta azpiegituren publifikazioa (hala nola, sektore energetikoan), aberastasunaren banaketa erradikala, zaintza sistema publiko komunitarioaren eraikuntza eta hezkuntza publiko, burujabe eta nazionalaren eraikuntza».

Azkenik, Euskal Herri askea gaurdanik eraiki beharra dagoela azpimarratu zuten. Horretarako, beren hitzetan, «egungo bizi- eta jendarte-ereduak eraldatzeko gaitasuna izango duten alternatiba eta proiektuak» herri eta auzoetatik eraiki behar dira; eta bestetik, balio komunitarioak indartu beharra dago.

Gazte Topagunea

Ernai gazte antolakundearen hamargarren urteurrenaren testuinguruan, 2023ko apirilaren 6tik 9ra bitartean egingo dute Elorrion ikasturte honetako Gazte Topagunea. Horren helburua da Euskal Herriko gazte independentista guztien topaleku izatea: «Gure proiektu politikoa amestu, hausnartu, marraztu eta eraikitzen pasatuko ditugu lau egun».

Egitarau zabala izango dela iragarri zuten gazteek, eztabaidarako, trebakuntzarako eta aisialdirako askotariko eskaintzarekin.