17 DéC. 2022 MERCABILBAO Itxaropenez hartu dituzte Gabonak Mercabilbaon Gabonetako kanpainarekin bat eginez, abenduan, frutaren eta barazkien sektorean 18.940 tonako merkaturatzea aurreikusten da Mercabilbaon, eta arrain eta itsaskietan 2.050 tonakoa. «Urte txarra» izaten ari dela nabarmendu arren, bertako enpresek esperantzaz dihardute hilabete honetan. Salmentak handitu egingo dira datozen bi asteetan. Mercabilbao Gabonetako kanpainari aurreegiteko prestatzen ari da, urteko unerik bizienetakoa eta frenetikoenetakoa arrain etaitsaski, fruta eta barazki pabiloietan. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Asier ROBLES Hirietako kaleetan 06.00etan lasaitasuna eta jarduerarik eza nagusi diren arren, ordu horietarako Mercabilbao erlojuaren kontra lanean ari da. Zamalanetarako kaiak kamioiez eta furgonetaz betetzen dira, eta txikizkako merkatariak pabiloietan pilatzen dira, produktuak gure auzoetako saltokietara garaiz eta punturik freskoenean irits daitezen Urteko egun guztietan errepikatzen den eszena da. Izan ere, 13 hektareako jarduera ekonomikoa duen gune honetan ehun bat enpresa eta mila langile baino gehiago daude, eta urtean 680.00 ibilgailu baino gehiago ibiltzen dira han, 1.000 saltoki txikizkari baino gehiago joaten direla. Baina Gabonak hurbiltzearekin batera jarduera are handiagoa da. Izan ere, Gabonetako ospakizunen aurreko bi asteetarako merkaturatze aurreikuspenak 20.990 tonakoak dira, hau da, urteko salmentaren %10 baino gehiago. Urtero bezala, atzo goizean Mercabilbaok ateak ireki dizkio prentsari, Iberiar Penintsulako iparraldeko elikagai galkorren banaketa zentro handieneko jarduera bertatik bertara ezagutzeko. Aitor Argote Mercabilbaoko zuzendari nagusiak eta Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak hasi berri den Gabonetako kanpaina honetarako aurreikuspenen berri eman zuten. Adierazi zutenez, Elikadura Unitatean diharduten handizkako enpresek erritmo onean eusten diete euren salmentei. «Abenduan, Mercabilbaon jarduten duten handizkako enpresek urteko fakturazio osoaren %16 inguru jokatzen dute, are gehiago Gabonetako ospakizunak hurbildu ahala», adierazi zuen Argotek. Arraina eta itsaskiak Arrain eta Itsaskien pabiloia martxan jartzen lehenetarikoa da, goizeko 06.00ak baino lehen hango jarduera bizia eta frenetikoa da jada. Abendu honetan 2.050 tonako merkaturatzea aurreikusten da sektore honetan, hau da, urteko bere merkaturatzearen %14 inguru. Itsasotik gehien eskatzen diren produktuak egun hauetan itsaskia, oro har, eta arrain fina deritzona, legatza, bisigua edo lupia, esaterako. Las Capotinas arrain enpresako Fernando Garciak itxaropenez hartu du Gabonetako kanpaina. «Aste honetan salmentak areagotzen hasi direla dirudi, baina, oro har, urte txarra daramagu. Orain badirudi jendea animatzen hasi dela», adierazi zuen. Gehien saltzen duena txipiroia, lanperna, bisigua eta legatza dira. Lorena Laguna, Tuna Fisheko administraria, bat etorri zen ideia horrekin. Urtea «oso txarra» izaten ari dela nabarmendu zuen, eta espero du Gabonek egoera hobetzen lagunduko dutela. «Oraingoz, salmentek gora egin dutela nabaritzen hasi gara, baina asko ere ez. Hurrengo bi asteetan jarduerak hazten jarraitzea espero dugu», azaldu zuen. Baikorragoa izan zen Pescados Irureta saltokiko Javier Iriarte. «Oraindik goiz da balorazioak egiteko, baina, oraingoz, ondo hasi da Gabonetako kanpaina», esan zuen. Energiaren prezioa igo den arren, eta horrekin batera elikagaien prezioa ere bai, aurten aurreko urteetako joera berari eutsiko zaiola uste du. Urte sasoi honetan gehien saltzen duena nekora, txangurrua eta buia dira, «eta apur bat gutxiago kamartza, garestiagoa baita». Eguberrietako beste produktu izarretako bat, prezio altuagatik mundu guztiak kontsumitu ezin duen arren, angula da. Horretan ospetsua da Angulas Ibaialde enpresa. Bertako Paco Gallegok iaz baino gehiago saltzen ari direla nabarmendu zuen. Prezioei dagokienez, iazkoaren antzekoa dela esan du, kiloko 1.100 euro inguru. Jaki berezia dela aitortu zuen, «apetatsua, eta askotan Gabonetan jaten dena tradizioz». Onartu zuen jende askok angulak urtarrilean eta otsailean jan ohi dituztela, merkeago daudenean. Fruta eta barazkiak Geroxeago, giro apur bat lasaiagoarekin, fruta eta barazkien pabiloietako jarduera hasten da. Sektore honen kasuan, 2022ko azken hilabeterako zenbatetsitako merkaturatze zifrak 18.940 tonakoak dira, hau da, urteko salmenten %8 inguru. Izan ere, lurreko produktuetan udaberria da aldi indartsuena, «hezurdun frutak» direlakoen kontsumoagatik. Baina aste hauetan Gabon zaporea duten produktuak dira nagusi, hala nola mahaspasak, orejoiak, piku lehorra edo intxaurrak. Urte osoko produktu ohikoak ahaztu gabe: banana, fruta tropikala, anana, papaia, mahatsa, sagarra edo laranja. Anaiansis Carrasco, Frutas La Rondeña saltokikoa, pabiloi honetako merkataria da. «Jendea ekonomikoki okerrago dagoela nabaritu dugu, baina oraingoz aurtengo aurreikuspenak betetzen ari gara», esan zuen. Gabonak direla eta salmentek zertxobait gora egin dutela igarri duten arren, uste du datozen bi asteetan nabarituko dutela gehien. Sarreren kontroletako langileen greba Jarduera biziko aste honetan, Mercabilbaoko sarreren kontrolaz arduratzen diren ALSE Servicios Auxiliares SL azpikontratako langileak mobilizazioak egiten ari dira euren lan baldintzen defentsan. Abenduaren 7an eta 9an lau orduko lanuzteak egin zituzten 04.00etatik 08.00etara, eta 23an eta 30ean, sei ordukoak egingo dituzte 03.00etatik 09.00etara. LAB sindikatuak salatu duenez, enpresa publikoko langileek historikoki egiten zituzten funtzioak betetzen dituzte, «baina lege baldintza askoz okerragoekin». Gainera, adierazi dute lan baldintzak jasanezinak bihurtu direla, «batez ere ezarritako sistemen funtzionamendu txarrak eta egiten duten lanaren muturreko fiskalizazioak eragiten dituzten arrisku psikosozialen ondorioz». Itsasoko elikagaien artean, itsaskia eta arrain fina, legatza, bisigua edo lupia, nabarmentzen dira Gabonetako salerosketetan Merkatariak bat datoz jende askok azaroan erosten duela arraina, merkeagoa delako, eta Gabonak arte izozten duela