28 JAN. 2023 GIZA ESKUBIDEEN ALDEKO LANA, JOPUNTUAN Milioi bat euro arteko isuna ezar diezaiokete Aita Mari ontziari Italiako agintariek 2020an egindako ikuskapen batean oinarrituta, Garraio Ministerio espainiarrak zehapen-espedientea ireki dio Aita Mari erreskateko euskal ontziari, itsas legeen aurkako zazpi arau urratze leporatuta. Horiek milioi bat euroko isuna ere ekar lezakete. Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak «kanpaina politiko» batekin lotu du. Aita Mari ontziaren erreskate bat, joan den urteko maiatzean. (Alfonso NOVO | SMH) GARA DONOSTIA “Noticias de Gipuzkoa” egunkariak atzo eman zuen berria: Espainiako Garraio Ministerioaren mende dagoen Valentziako Itsas Kapitaintzak zehapen-espediente bat ireki du Aita Mari ontziaren jabe den Itsas Salbamendu Humanitarioa Gobernuz Kanpoko Erakundearen aurka, itsasoko legeen aurkako zazpi arau hauste egotzita. Milioi bat euro baino gehiagoko isuna jaso dezakete prozedura horren ondorioz. Aipatutako iturriaren arabera, erreskate ontzi bihurtutako euskal atunontziaren aurkako prozesuak 2020ko maiatzaren 6an du jatorria. Egun hartan, Mediterraneoko uretan erreskatatutako 44 pertsona Palermon lehorreratu eta gero, Italiako agintariek ontzia atxiki -49 egunez iraun zuen egoera honek- eta ikuskapen bat pasatzera derrigortu zuten. GKEko arduradunek 55.000 euro ordaindu behar izan zituzten «portuko, ikuskaritzako eta hornidurako tasa berezietan», eta salatu zuten ikuskapen horren ondorioz «ontziko akats batzuk, kategoriarekin eta neurriekin bat ez datozenak» egotzi zitzaizkiela, 26 guztira. Italiako Kostaldeko Ikuskaritzak adierazi zuenez, «itsasontzian zihoazen lagun guztien segurtasuna jar zezaketen arriskuan huts horiek». Itsasoaren babesaren gaineko arau hauste batzuk ere detektatu zituela erantsi zuen. Itsas Salbamendu Humanitarioak segituan gezurtatu zituen baieztapen horiek, eta Aita Mariren nabigazio eta esku hartze guztietan legea erabat betetzen dela ziurtatu zuen. GKEaren arabera, ikuskaritzak iraun zuen zortzi orduetan Italiak atzeman zituen akats gehienak «dokumentuei lotuak» izan ziren eta «ez zuten inondik inora nabigatzaileen segurtasuna larriki kaltetu», itsasontziak egunean baititu ziurtagiriak. Pasaiara itzultzera behartua Orain hasitako espedientearen arabera, Italiak itsasoratzeko baimena eman zion ontziari, «atzemandako akatsak zuzendu ondoren». Dokumentuan gaineratzen denez, ustezko akats batzuk Palermon konpondu ezin zirenez, baimena eman zitzaion Aita Mariri Pasaiako portuko bere basera itzultzeko, baldin eta ontzia itsasoko araudira egokitzeko konpromisoa hartzen bazuen. GKEaren irakurketa oso desberdina izan zen. Salatu zuenez, Erromako Gobernuak tamainagatik betetzera behartuak ez dauden baldintza batzuk exijitu zizkien, «Mediterraneo erdia erreskate ontziz husteko helburuarekin». Aita Marik Pasaiako portura itzuli behar izan zuen, Palermon hilabete batez baino gehiago blokeatuta egon ondotik. Itsasontziak bere motari dagokion araudi osoa ongi betetzen duela defendatu zuen, eta egindako eskaerak «administrazioak jarritako tranpa bat» izan zirela, beren lana eragozteko. Egotzitako urraketak Prozesuaren kalifikazio juridikoak zehapenei lotutako zazpi «arau hauste» jasotzen ditu, eta, arestian esan bezala, horiek 1.080.000 euroko isuna izan dezakete. Honako hauek dira, zehazki, Aita Mariri egozten zaizkion urraketak: gobernu aparatuaren probak eta ariketak ontziaren nabigazio egunkarian ez erregistratzea; itsasontzi batean lanorduak edo itsasoko jendearen atsedena erregistratzeko beharra ez betetzea; bidaia planik ez izatea; proiektatutako bidaiarako beharrezkoak diren karta nautikoak ez edukitzea edo horiek eguneratuta ez egotea; itsasontzian lana antolatzeko koadro edo taula bat ez izatea; salbamendu putzu bi berehala ez edukitzea, salbamendu uztai batzuk euskarri bertikal finko batean estibatuta zeudelako jaurtiketa posiziotik oso gertu; eta tripulazioa ontziko larrialdi kasuetarako esleitutako zereginetara ez ohitzea, zehazki suteen aurkako ariketak egiten ari ziren bitartean. Deigarria da, Aita Mari atxiki eta bi hilabetera, Segurtasun, Kutsadura eta Itsas Ikuskaritzako Zuzendariordetza Nagusiak administrazio prozedura hasi zuela, Italiako agintariek erregistratutako akatsak araudi espainiarraren arabera arau hauste administratiboak ote ziren argitzeko. Bi urte luze pasatu ziren -2022ko abenduaren 5ean- dokumentazio hori guztia Merkataritza Itsasketako Zuzendaritza Nagusiak Valentziako Itsas Kapitaintzari igorri zion arte, zehapen-espedientea abiarazteko eskatuz. «Kanpaina politikoa» «Jaso dugun espedientearen jakinarazpena 2020an Palermon izan genuen ikuskapenaren ondoriozko administrazio prozesu arrunt bati dagokio», adierazi zuen Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak. «Ikuskapenaren ondorioz, ontzia gelditu egin zen, Italiako Gobernua erreskateko flota zibilaren salbamendu ontziak geldiarazteko egiten ari zen kanpaina politiko hartan». «Hori benetan kanpaina politiko bati lotzen zaio, itsasontzien segurtasunari dagokien kontuei baino gehiago», esan zuen. Mijangosek adierazi zuenez, «dagozkion alegazioak» aurkeztuko dituzte. «Egoera honek ez du zerikusirik itsasontziaren irteerarekin, independentea eta bereizia baita, eta datorren asteartean ikuskatuko da», argitu zuen. «Dena ongi egongo delakoan eta itsasontzia zailtasun handirik gabe irten ahal izango delakoan gaude», agertu zuen. EAJk azalpenak eskatu ditu Auzi honen harira, alderdi jeltzaleak galdera bat igorri zion ostegunean Espainiako Kongresuko Mahaiari, eta bertan Pedro Sanchezen Gobernuari idatzizko informazioa eskatu zion zehapen-espedienteari buruz. Zehazki, Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak Madrilgo Exekutiboari eskatu zion azal zitzala espedientea irekitzeko arrazoiak, salbamenduko euskal ontzia konponketak egiteko Pasaiako portura itzuli zenetik bi urte baino gehiago igaro direnean. EAJk Kongresuan duen ordezkariak zalantzan jarri zuen, halaber, «espedientea eragin duten egitateak egiazkoak ote diren». «Gobernuak argitu al dezake nola izan daitezkeen egiazkoak espediente hori irekitzea eragin duten egitateak, baldin eta aste batzuk lehenago ontzia Espainiako Estatuko portu batean konponketa bat egin ondoren eta Espainiako itsas agintariek ikuskapena egin ondoren abiatu bazen?», galdetu zuen Barandiaranek. Espedientea Italiako agintariek adierazitako akatsetan oinarrituta izapidetu den azaltzeko galdegin zuen EAJko Madrilgo diputatuak. Ildo horretan, eskatu zuen espedientea «Italiako agintarien presio baten ondorioz» abiatu ote den argitzeko, «salbamendu humanitarioko ontziek beren lurralde eremutik gertu dauden uretan jarduten jarrai ez dezaten». Galdetu zuen, era berean, espedientea irekitzea «Aita Mari itsasontziaren irteera baimena atzeratzeko aitzakia izan al den, aspaldi eskatu zela eta justifikaziorik gabe atzeratzen ari zela jakin baitute. Diputatuak planteatu zuen gai sortan, Espainiako Gobernuari galdetu zion ea Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituzten Aita Mariren gisako itsasontzien jarduera babesten duen, edo, kontrara, prest dagoen haien lana oztopatzen duen edozein neurri hartzeko. Giza balioak defendatu Zentzu berean, Xabier Legarretak, Lakuako Migrazio eta Asilo zuzendariak, Aita Mari erreskate ontziaren «giza balioak eta balio solidarioak» defendatu zituen. Zehapen-espedienteari irtenbidea aurkitzea eta «misio humanitarioan ahalik eta azkarren atera ahal izatea» espero duela adierazi zuen. EH Bilduk ere Aita Mari ontziaren aurka irekitako zigor espedientearen arrazoien berri emateko galdegin zion espainiar Garraio ministroari, eta Kongresuan agertzera gonbidatu zuen. Euskal talde subiranistak azalpenak eskatu zizkion espainiar Gobernuari, Aita Mari salbamendu humanitarioko ontziaren aurka irekitako zehapen-espedientearen aurrean. IKUSKAPENAItaliako agintarien 2020ko ikuskapen hartan GKEko arduradunek 55.000 euro ordaindu behar izan zituzten «portuko, ikuskaritzako eta hornidurako tasa berezietan». ALEGAZIOAKMijangosek adierazi zuenez, «dagozkion alegazioak» aurkeztuko dituzte. «Egoera honek ez du zerikusirik itsasontziaren irteerarekin, independentea eta bereizia baita, eta datorren asteartean ikuskatuko da», argitu zuen. EAJ ETA EH BILDUEAJk Madrili galdetu zion ea migratzaileak erreskatatzen dituzten Aita Mariren gisako itsasontzien jarduera babesten duen. EH Bilduk, berriz, espedientearen arrazoiak kongresuan azaltzeko eskatu zion Garraio ministroari.