08 FéV. 2023 Lakuak ez du lortu Zaldibarko zigilatze osoa Verterrek bere gain hartzea Zaldibarko zabortegiaren kasuan erantzukizunik hartu gabe jarraitzen du Lakuak, ezbeharretik hiru urte betetzean. Arantxa Tapiak begiak Verter Recycling enpresaren gainean ezarri zituen atzo, Gobernu batzordearen ostean. Bere departamenduko hiru kidek deklaratuko dute apirilean, Gobernuaren abokatuen laguntza juridikoarekin. Gobernuak inolako ardurarik hartzea ekidin zuen Arantxa Tapiak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Aitor AGIRREZABAL IRUÑEA Zaldibarko zabortegia amildu eta hiru urtera, Arantxa Tapia Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak Verter Recyclingi exijitu zion zabortegia «behin betiko» zigilatzeko eta itxi ondorengo kontrol neurriak hartzeko. Astelehenean hiru urte bete ziren Zaldibarko zabortegia erori zela, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak bertan lurperatuta geratu zirela, eta ingurumenean eragin larriak eragin zituela. Tapiak adierazi zuenez, Lakuak, modu subsidiarioan, «hasiera-hasieratik» gauzatu zituen desagertutako langileak bilatzeko lanak, bai eta zabortegia egonkortzeari eta ingurumenaren gaineko kalte berriak prebenitzeari dagozkionak ere. Zentzu horretan, nabarmendu zuen gaur egun Zaldibarko zabortegia «egonkortuta eta prezigilatuta» dagoela, eta ingurumen baimena aldatuta duela. Ildo horretan, exijitu zuen titularrek behin betiko zigilatzea eta itxi ondorengo kontrol eta jarraipen neurriak hartzea. Izan ere, kazetarien galderengatik onartu behar izan zuenez, hau ez da betetzen ari. Azaldu zuenez, merkataritza arloko epaitegiak konkurtso likidazioaren prozesua onartzearen ondorioz, Verter Recyclingi dagokio horiek betetzea, konkurtsoan eta likidazioan. Begiak enpresaren gainean ezarri nahi izan zituen arren, ezbeharraren aurretik Zaldibarko zabortegian zegoen kontrol falta nabarmendu dute zenbait ikerketek. Ingurumen erantzukizunaren arloan indarrean dagoen araudiak ezartzen duen bezala, Lakuak modu subsidiarioan hartu zituen lerraduraren ondoriozko ingurumen kalteak «saihesteko eta minimizatzeko» eta desagertutako pertsonak bilatzeko lanak. Funtsean, lerratutako hondakinak jatorrizko isurketa ontzitik atera eta egonkortzeko jarduerak egin ziren. Jarduera horiek 28 milioi euroko gastua eragin zuten, eta orain enpresari erreklamatzen ari zaizkio. Hala ere, erreklamazio hori egin aurretik, Verter Recycling enpresak konkurtso prozesua hasteko eskatu zuen, likidatzeko eta, ondoren, desegiteko. Gastu horiek Verterrek bere gain ez dituela hartuko pentsatzeko beste adibide bat ere badago. Duela urtebete, espainiar Auzitegi Gorenak, Madrilen izandako antzeko kasu batean zehaztu zuen Administrazioak ordaindu behar duela zabortegi batean hildako pertsona baten bilaketa. Deklaratzera Azkenik, kazetarien galderei erantzunez, Tapiak baieztatu zuen apirilean deklaratu beharko duten bere Departamentuko hiru kideek Gobernuaren abokatuen laguntza juridikoarekin egingo dutela, «Gobernuko beste edozein langilek bezala». Durangoko epaitegi batek deklaratzera deitu ditu Lakuako Ingurumeneko hiru teknikari. Dei egiten zaie Ingurumen Sailburuordetzako Ikuskaritza Zerbitzuko teknikari gisa, 2011ko martxoaren 24ko ingurumen baimen bateratua Verterri eman zitzaionean «esku hartu baitzuten». Era berean, hiru pertsona horietako bati deitzen zaio, 2017ko ekitaldian programatutako ikuskapenetan parte hartu zuelako. Zaldibarko hondamendiaren inguruan bi prozedura judizial egon dira. Lehenengoa, bi langileen heriotzagatik, 2021eko irailean itxi zen, Fiskaltzaren eta inputatuen arteko akordio batekin, non hiru arduradunek beren gain hartu zuten heriotza horien erantzukizuna. Bigarren prozesu judizialean, Durangoko Auzitegiak irekitakoan, ingurumen eta osasun publikoko ustezko delituengatik, Lakuako Gobernuko teknikariak deklaratzera deitu dituzte. 28 MILLONES Lakua asumi�� de forma subsidiaria las tareas de ��evitar y minimizar�� los da��os ambientales derivados del deslizamiento y la b��squeda de personas desaparecidas, y cuenta ahora con 28 millones de...