19 FéV. 2023 Nafarroako Foro Sozialak zazpi urteotako balantzea egin du Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak azken zazpi urteetan egindako lanaren berri eman zuen atzo, biktimen arteko elkarrizketarako eta enpatiarako espazioen sorreran egindako ekarpena nabarmenduz. Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko kideak, Iruñean egindako topaketaren osteko agerraldi publikoan. (Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra) Nerea GOTI Bere lan zikloaren amaierara iritsita, gizarte zibileko eragileekin bildu zen atzo Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra, «erabakia» gizartearekin partekatu eta lanaren balorazioa «gizarteari itzultzeko». Joan den urtarrilean Durangon egin zen topaketaren ondoren, Nafarroan azken zazpi urteetan emandako aurrepausoen berri eman eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan dauden erronkei begiratu zieten. Izan ere, herri dinamikak azpimarratu zuenez, «bakea eraikitzeko prozesua amaitu gabe» dago oraindik eta «bide luzea» dago egiteko. Herrialdean egindako ekarpenen artean, «indarkeria desberdinen biktimak elkartzeko» espazioak sortzeko egindako lana nabarmendu zuten, 2016an bertan, Nafarroako foroa jaio eta gutxira, Legebiltzarrean antolatu zuen lehen topaketa hura gogora ekarriz. «Ekimen hura ez zen kasualitatez sortu. Mahai-inguru hartan, Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak finkatuta utzi zuen bere xede nagusia: pertsona desberdinak elkartzea eta entzuteko eta enpatiarako espazioak sortzea», gogoratu zuten Xanti Begiristainek eta Txemi Perezek topaketari amaiera eman zion eta streaming bidez jarraitu ahal izan zen agerraldi publikoan. Azken urteetako lanari erreparatuta, egindako bidea partekatua izan dela azaldu zuten herri dinamikako ordezkariek, eta «irekitzen den fase berriari aurre egiteko testuinguru hobe bat finkatzen lagundu» duela azpimarratu zuten. «Krispaziotik ihes egin duen» lan eredu berritzaile eta eraikitzaileak zabaldu dituen bide berriak ekarri zituzten gogora, baita «ideia eta marko berriekin gizarte osoa bustitzeko» egindako lana ere. «Duela zazpi urte imajinatu ezin ziren aurrerapenak» izan direla nabarmendu zuten. Torturaren txostenak jasotako aitortza Haien esanetan, pauso horietako bat da iragan otsailaren 10ean Iruñeko Legebiltzarrean 1.068 tortura kasu baieztatzen dituen txostenaren aurkezpenak indar politiko guztien eta sindikatu gehienen babesa jaso izana. Adostasun berriak «oso tentuz» eraikitzen joan direla gogoratu eta akordioek elikatu dituzten urratsak zehaztu zituzten. Marko horretan aipatu zituzten giza eskubideen urraketen biktima guztien babesa, Estatuaren biktimek behar duten erreparazioa, torturari buruzko txostenak eta egin beharko diren berriak eta Altsasuko gazteek jasan duten epaien aurkako adostasun zabala, besteak beste. Foro Sozialeko kideen iritziz, 2017. urtean izandako armagabetze zibila eta ETAren desegitea, NBEk zehaztutako nazioarteko parametroen barruan, presoen harreren auzia bideratuta eta biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidearen inguruko adostasuna zehazten hasita, presoen auziari dagokionez konponbiderako markoa finkatuta dago. ADAPTARSeg��n dijeron los miembros de la din��mica, una de sus mayores aportaciones ha sido adaptar el proceso de