24 FéV. 2023 ZUBIETAKO ERRAUSTEGIA «Kontrol automatikoa ez egotea oso larria da Administrazioaren aldetik» Zubietako erraustegian akatsak eta legez kontrako praktikak izan direla erakutsi du EHUko Ekopol taldeko Gorka Bueno ingeniariak argitara eman duen ikerketa lanak. 2020 eta 2021 artean hondakinak erretzeko plantaren jarduera aztertu zuen ingeniari honek ikerketaren xehetasunak azaldu zituen NAIZ Irratian. Zubietako erraustegia 2021eko urtarrilean hartutako irudi batean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) GARA DONOSTIA Txosten batek Zubieta auzoko erraustegiaren jardueran zenbait akats eta arau-hauste antzeman ditu. 2020 eta 2021. urteen artean hondakinak erretzeko plantak atmosferara egindako isuriak ardatz dituen ikerlan bat argitaratu du EHUko Ikerpol ikerketa taldeak. Txostenaren egilea da Gorka Bueno ingeniaria eta NAIZ Irratian izan zen asteazkenean, azterlanari buruzko xehetasunak ematen. Emisioak Etengabe Neurtzeko Sisteman (SMEC, gaztelerazko sigletan) oinarritutako datuak aztertu zituen batik bat Buenok. Errausketan sortutako hainbat substantzia kutsatzaileren -karbono monoxidoa, sufre eta nitrogeno oxidoak, partikulak, karbono organikoa, azido klorhidriko eta fluorhidrikoa, eta merkurioa- isurketak modu jarraituan neurtzen ditu sistema honek eta, horrekin batera, tenperatura aldaketak, gasen fluxuak eta beste kontzentrazio batzuk ere jasotzen ditu. Datu publikoak eta GuraSOS bezalako gizarte eragileek eskainitako datuak erabili zituen Buenok. Guztira milioi eta erdi datu baino gehiago daudela zehaztu zuen ingeniariak eta bere lana izan da erregistro horietan ikustea ea erraustegiak arauak betetzen zituen. «Txostenean jasotzen ditut, alde batetik, jatorrizko datuak, SMECk egindako neurketak; gero, errauste planta honetan aplikatu beharreko araudia jasotzen dut, ondo ulertzeko instalazioak nola funtzionatu behar duen. Bestetik, nire kalkuluak eta ondorio nagusiak erakusten ditut», esplikatu zuen Ekopol taldeko kideak NAIZ Irratian. Txostenak hiru denbora banatzen ditu emaitzak aurkezteko: erraustegiaren proba faseari dagokiona, 2020ko ekainetik urte hori bukatu artekoa eta 2021. urte osokoa. Proba fasearekin dudak Noiz hasi zen Zubietako erraustegia hondakinak erretzen? Hasiera 2020ko uztailaren 16an finkatu zuen Ingurumen Baimen Bateratuak, baina aurretik ere planta horretan hondakinak erretzen ziren, gutxienez 2019tik. Administrazioaren arabera, 2020ko ekaina baino lehenago hondakinak erretzeko planta proba-fasean zegoen, eta horregatik erre ziren hondakinak. Gorka Buenok, aldiz, zalantzak agertu zituen Lakuako Gobernuaren baieztapen horren inguruan. «[Ingurumen] Baimena eraginkorra zen ekainetik aurrera, eta ordutik zein arau aplikatu behar ziren argi dago. Baina ez dakit zein arau aplikatu behar zen probetan, kontuan hartuta, gainera, proba horietan hondakin asko erre zituztela», esan zuen. Zehazki, ingeniariaren arabera, erraustegiko linea batek (bi ditu) 2020ko otsailean ia 4.000 tona zabor erre zituen, eta bigarren lineak, ia 6.000 tona martxoan. «Linea batek, %100ean, hilabete batean 9.000 tona hondakin errausteko gaitasuna dauka», aipatu zuen ingeniariak erreferentzia gisa «Funtzionamendu erregimen hori ez zait iruditzen probetakoa denik, baina ez daukat argi zein araudi aplikatu behar den tarte horretan», gaineratu zuen Buenok. Isurketak mailak gaindituta Europako Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Aditu Taldearen (IPCC, ingelesezko sigletan) araudian oinarritzen den EAEko Ingurumen Baimen Bateratuak substantzia toxikoen gehienezko isurketa maila zehatzak jasotzen ditu, eta Zubietako erraustegian maila horiek zenbatetan gainditu diren argitu zuen Gorka Buenok. 2020ko bigarren zatian eta 2021. urte osoan, Ingurumen Baimen Bateratua jada eraginkorra zenean, 100 gainditze baino gehiago erregistratu zituen. Probetako fasean, halaber, 1.900 baino gehiago zenbatu zituen, funtzionamendu arrunteko isurketa-mugak kontuan hartuta. Buenok azaldu zuenez, horrelako kasuetan hondakinak labe barrura sartzeko sistema itxi behar dela zehazten du araudiak, errausketa prozesua eteteko. Hala ere, derrigorrezko etete hauek kasu askotan ez ziren egin: «Datuak aztertuta, honako hau ikusi dugu: fase operatiboko 100 gainditze horietatik 23 kasutan errausketa prozesua ez zen gelditu. Hori araudiaren ez-betetze bat da. Gainditze horiek administrazioari jakinarazi behar zaizkio, baina horren arrastorik ez dugu aurkitu dokumentazioan». Bestalde, arrazoia edozein izanik ere, fase operatiboan ia 200 geldialdi erregistratu zirela jakinarazi zuen Buenok, eta probetako fasean, 59. «Horrela funtzionatzea ez dator bat Europako araudiak ezartzen duenarekin», salatu zuen. Kontrol automatikorik gabe Instalazioan ezohiko funtzionamendu bat erregistratzen denean errausketa prozesua gelditu beharra dago legez. Aurretik, baina, labean dauden hondakin guztiak erre behar direla zehaztu zuen ingeniariak eta, horretarako, gutxi-asko ordu gehigarri bat behar izaten dela. «Arazo bat gertatuz gero, labe barruan dauden hondakinak ezin dira erraustu gabe atera; errausketa bukatu behar da; urrezko araua da hori. Eta hondakin gehiago ezin dira labe barrura sartu. Hondakinak labe barrura sartzeko kontrol automatiko bat dago, eta ezohiko funtzionamendua detektatzen denean, hondakinen sarrera automatikoki itxi egiten da», esan zuen. Bi kasutan itxi beharko litzateke automatikoki hondakinen sarrera: labearen tenperatura 850°C-tik jaisten denean, edo isurketa mailak gainditzen direnean. «Sistema automatiko horiek instalatuta egon behar dira eta ingurumen organoak egiaztatu behar du horrela dela», agertu zuen Buenok. Bada, Zubietan, ez da horrela: «Instalazioak [Lakuako] Gobernuari egindako komunikazio batean onartzen du isurketa mailak gainditzen direnerako kontrol automatikorik ez dagoela. Instalazioa martxan jartzeko ezinbesteko baldintza zen hori eta, hala ere, Gobernuak planta eraginkorra zela ebatzi zuen». «Beste alde batetik -gaineratu zuen-, erregistroak aztertuta, ikusi dut isurketa-mailen gainditzeak gertatuta ere, instalazioak errausten jarraitzen duela; 15 aldiz gertatzen da hori lehenengo linean, eta 8 aldiz bigarren linean. Beraz, zantzu guztiak daude baieztatzeko kontrol automatikorik ez zegoela instalatuta gutxienez 2021eko uztailera arte. Hau oso larria da, bai instalazioaren aldetik, baina baita kontrola egin behar duen Administrazioaren aldetik ere». Isurketa «oso handiak» Ekopol taldeko ingeniariak 2020 eta 2021eko isurketa totalak ere kalkulatu ditu, eta ondorioztatu du erraustegiaren probako fasean «isurketa oso handiak» gertatu zirela. «Oso deigarriak, printzipioz probetan zegoen instalazio baterako. Baina logikoa, isurketen neurri zuzentzaile batzuk jarri gabe baldin bazeuden», agertu zuen. Modu berean, hondakinak erretzeko planta funtzionamendu arruntetik kanpo egon zeneko isurketak ere aztertu ditu; hau da, labeak gelditzen direnean eta martxan jartzen direnean. Kasu horretan ere isurketa «oso handiak» antzeman zituen, «batez ere 2020. urtean eta substantzia batzuetan». «Funtzionamendu hori ez dator bat Europako araudiak eta gomendioek esaten dutenarekin. Ematen du Zubietako errauste plantan egiturazko arazoak zeudela urte horietan», ohartarazi zuen. EHUko ingeniariak iragarri zuen, bestalde, bere agerraldi bat eskatzekotan direla Gasteizko Legebiltzarrean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hala balitz, joango litzatekeela iragarri zuen. «Bitartean instalazio hauen jarraipena egiten jarraituko dut. Etorkizunean txosten gehiago atera daitezke», adierazi zuen. KONTROLA«Instalazioak onartzen du isurketen gainditzearen kontrol automatikorik ez dagoela. Instalazioa martxan jartzeko ezinbesteko baldintza zen hori, eta hala ere, Gobernuak planta eraginkorra zela ebatzi zuen»SISTEMA «Sistema automatikoa instalatuta egon behar da eta ingurumen organoak egiaztatu behar du horrela dela»Gorka BUENOEkopol ikerketa taldea AGERRALDIA«Uste dut nire agerraldia eskatu nahi dutela bai Eusko Legebiltzarrean, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hara joango naiz, eskatzen badidate»ISURKETAK«Isurketak oso handiak ziren. Funtzionamendu hori ez dator bat Europako araudiarekin; ematen du errauste plantan egiturazko arazoak zeudela»Gorka BUENOEkopol ikerketa taldea KONTRAESANAKArantxa Tapia sailburuak ziurtatu zuen Zubietako plantak baduela gelditzeko sistema automatikoa. Tapiak berak aurretik sinatutako idatziek, baina, kontrakoa esaten dute: «Atmosferara egindako emisioei dagokienez, ez dago errekuntzan automatikoki eragiten duen kontrolik».