GARA Euskal Herriko egunkaria

Pneumologiako LEPa ikertzeko eskatu dio ELAk Fiskaltza Nagusiari

ELAk salaketa-idazki bat aurkeztu zuen atzo EAEko Fiskaltza Nagusian, Osakidetzako Pneumologiako lan eskaintza publikoko emaitzak ikertzeko eskatuz. Susmagarritzat jotzen du oposizioetako emaitza onena lortu duten lehen lau izangaiak ospitale berekoak izatea.

Esther Saavedra, ELAko Osakidetzako arduraduna. (E.PORTILLO | FOKU)

EAEko Fiskaltza Nagusian aurkeztutako salaketa-idazki baten bitartez, ELAk Osakidetzako Pneumologiako LEPeko azterketei buruz duen informazioaren berri eman dio Fiskaltzari eta salatutako gertakariak ikertzeko eskatu dio, «legearen arabera duten garrantzia baloratu eta horren arabera joka dezan».

Salaketa horren berri eman zuen atzo Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunak Bilbon, Albia Lorategietan dauden epaitegien aurrean. Azaldu zuenez, Osakidetzak lehen azterketaren emaitza «deigarriei» buruzko ikerketa abiarazteari uko egin ostean aurkeztu du sindikatuak salaketa.

Izan ere, otsailaren 13an, ELAk Osakidetzari jakinarazi zizkion gaur egun abian dagoen Pneumologiako LEPeko lehen azterketaren emaitzetan antzeman zituen ustezko irregulartasunak, eta premiazko ikerketa bat irekitzeko eskatu zion, gertatutakoa argitzeko. Lakuako Gobernuak, ordea, ez zuela eskatutako ikerketa irekiko adierazi zuen, horretarako oinarririk ez dagoela iritzita, ez baitzegoen ez salaketarik ez helegite formalik.

Emaitza «deigarriak»

Saavedrak atzo jakitera eman zuenez, pneumologoen kategoriako lehen azterketa horretan, 2022ko abenduan egindakoan, puntuaziorik handiena lortu zuten lau pertsonak ospitale berekoak dira, eta horiek «estatistikaren ikuspegitik, emaitza benetan deigarriak» direla nabarmendu zuen.

«Hori gutxi balitz, deigarriak dira lortutako puntuazioak: 69 hautagaietatik 8k soilik lortu dute 100etik 70 puntu baino gehiago. Hala ere, lehenengo 4 izangaiek (ospitale berean lan egiten dutenak) 82 puntu baino gehiago lortu dituzte. Azkenik, aipatu behar da Osakidetzako 13 ospitaletan Pneumologiako profesionalak daudela», azaldu zuen ELAko Osakidetzako arduradunak.

Sindikatuaren ustez, egoerak «azalpen zaila du prozesu garbi eta berdintasunezko baten ikuspegitik». Horregatik gertatutakoa ikertzeko eskatu du ELAk, «gertatutakoa iker dezan, horren arabera joka dezan eta, halakorik balego, dagozkion erantzukizunak argitu daitezen».