09 MAR. 2023 Italiako marka etxean geratu da Igandean Larissa Iapichinok Italiako marka berria ezarri zuen luzera jauzian (6.97 metro), Fiona Mayrena hobetuz; bere amarena, alegia. Larissa Iapichino italiarra, igandean Istanbuleko Europako Txapelketan jauzi egiten. (Ozan KOSE | AFP PHOTO) Imanol CARRILLO Italiako luzera-jauziaren marka izenez aldatu da, baina ez familiaz. Larissa Iapichinok (Florentzia, 2002) zama handi bat eraman behar izan du beti gainean. Bere ama Italiako atleta ohi garrantzitsuenetako bat da, nahiz eta amak gaia samurtu nahi izan duen beti. «Fiona Mayren alaba izango zara betirako, baina Larissa Iapichino zara, ez ahaztu inoiz», esan zuen Mayk 2018an, “Corriere della Sera” egunkarirako egindako elkarrizketa batean. Bost urte iragan dira ordutik, eta orain, 20 urte baino ez dituela, Larissak atletismoaren historian idatzi du bere izena, igandean Istanbuleko pista estalian 6,97 metroko jauzi bat eginda. «Ama pozarren dago. Erotuta egongo balitz bezala oihuka aritu zen telefonoz hitz egin genuen lehen hamar minutuetan. Behin eta berriro errepikatzen dit markak hausteko daudela eta dominak direla betirako irauten dutenak. Garrantzitsua familian geratzea da», kontatu zuen Europako txapeldunordeak Fiona Mayrekin izandako elkarrizketaren inguruan. Bere amak beste marka bat du oraindik: 7,11 metroko jauzia aire zabalean. Alabak, tentuz jokatzen badu ere, etxera ekarri nahiko du errekor hori ere.