10 MAR. 2023 Arikala, ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa-ekintza, aurkeztu dute Nagore Ipiña, Huheziko dekanoa, aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA DONOSTIA Arikala aurkeztu zuten atzo Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Fakultateak (Huhezi) eta Euskaltzaindiak. Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko erabiliko den ikerketa-ekintza da. Donostian, Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunean izan ziren Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendaria, Nagore Ipiña Huheziko dekanoa eta Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburua, eta hitzarmena sinatu zuten. Azaldu zutenez, gazteen ahozko komunikazioaren %80 inguru betetzen badu ere, orain arte gutxi ikertu izan den arloa da hizkera informala. Egitasmo honen bidez, ikastetxeetako eremu formalean zein aisialdian esku-hartze sistematizatu eta iraunkorrak gauzatzeko material didaktikoa diseinatuko dute. Ondoren, material hori baliatu, eta ikasleen arteko hizkuntza ohituretan izan duen eragina aztertuko dute. Emaitzetatik abiatuta, materialak testuinguru berrietara eraman eta esku-hartzeen eragin esparruak handitzea da asmoa. Mintzolaren egitasmoan Urkiak elkarlana azpimarratu zuen. «Euskaltzaindiak lagunarteko euskara ere ikertu eta sustatu behar dela uste du. Horren adibide da 2022an gure gain hartu genuen Mintzola egitasmoa. Haren barruan kokatu behar da Arikala». Sukia ere pozik agertu zen elkarlanaren ondorioz lortutako emaitzarekin: «Euskara bizitzako edozein egoeratan eraginkortasunez eta bizitasunez erabiltzeko gai diren pertsonak heztea dugu jomuga. Horretarako, ezinbestean landu behar da norbanakoak duen hizkuntza erregistroen aldaera sorta». Ipiñak nabarmendu zuen ikerketa-ekintza honek eragina izango duela jendartean eta euskararen normalizazioan. 2022-23an hasi eta hiru ikasturtetan garatuko da Arikala hamar ikastolatan, Lehen Hezkuntzako lau, bost eta seigarren mailetan. Hauek dira parte hartuko dutenak: Gipuzkoan, Haurtzaro eta Irura; Bizkaian, Abusu eta San Nicolas; Nafarroan, Jaso eta Lizarra; Araban, Assa eta Laudio; eta Ipar Euskal Herrian, Kimua eta Garaziko ikastola.