26 AVR. 2023 «Aisialdirako itsasontziak beste filosofia batekin dabiltza arrantzan» Euskal Herria herri arrantzalea izan dela jaso izan dugu. Kostaldeko kulturan, behinik behin, sekulako eragina izan du. Hala ere, sektorea eraldatzen ari da. Leo Belaustegi Ondarroa 12 Milia elkarteko kidea izan da NAIZ irratiko «Gelditu makinak» saioan, artisau arrantzaren egoeraz hitz egiteko. Leo Belaustegi, Ondarroa 12 Milia elkarteko kidea. (Jon URBE | FOKU) Eli PAGOLA DONOSTIA Arrantza sektorearekin, itsas ikerketarekin, irakaskuntzarekin eta gizarte aktibismoarekin lotutako pertsonek osatutako erakundea da Ondarroa 12 Milia. Artisau arrantzaren jarduera kontserbatzeko eta haren kultur balioa gizarteratzeko ahaleginetan dabiltza, eta baita arrantza jarduera jasangarria izan dadin politikak aldatzeko eskakizun lanetan ere. Leo Belaustegi elkarteko kidea izan zen NAIZ irratian eta aitortu zuen sektorea «nahiko triste» ikusten duela: «Zoritxarrez, gero eta arrain gutxiago dago, eta itsasoak husten ari dira», arrainez bezala, arrantzalez. Horrek portuetan ondorio nabarmenak dituela azaldu zuen, ikusi besterik ez baitago kaietan nola dauden gero eta arrantzontzi gutxiago eta laketontzi gehiago. Arrantza profesionalari dagokionez, halaber, eredu artisaua eta industriala bereizi zituen Belaustegik; lehenak tresna txikiekin eguneroko arrantza egiten dutenak dira, eta bigarrenak, tresna predatzaileak erabiltzen dituztenak. Teknika «suntsitzaileak» erabiltzen direla-eta, ondorioak larriagoak izan ez daitezen, Ondarroa 12 Milia elkartetik kontrol neurrien beharra ikusten dute. Adibide gisa bisigua jarri zuen arrantzale erretiratuak: «Kostaldeko 12 miliako gunean tresna industrialak erabili direnez, presio handia egin da, espezie asko galbidera eraman dira eta orain berreskuratu ezinik gabiltza». Horregatik eskatzen dute 12 miliako itsas eremu babestua izan dadila, arrainak bere bizi zikloa bete eta etorkizuneko arraina berma dadin. Arrantza eredua begiz jota duen elkarteak, bestalde, sektorea eguneratu eta baldintzak hobetzeko premia ikusten du. Eta, horretarako, hiru ardatz bereizten dituzte: batetik, arrantzaren kudeaketa; bestetik, komertzializazioa; eta hirugarrenik, belaunaldi berriak. Egoera «jasangaitza» Kudeaketari dagokionez, Belaustegiren iritziz, «egungo egoera jasanezina da. Arrantza gero eta industrialagoa da, tresneria aurreratuagoa da, zientziak eta teknikak aurrerapen itzelak eman dituzte, eta harrapaketa masibo horrek kinkan jartzen du biharko arrantza». Hori dela-eta, etorkizuneko arrantza edo une soil honetako arrantza nahi den gogoetatu behar delakoan dago, eztabaidagai izanda, besteak beste, nolako arrantza eta zelako tresnak izan, harrapatutako arraina nola erabili eta kuoten erabilera publiko/pribatua. Arrantza moduaz eta espezieen eta habitaten babesaz gain, komertzializazioaren gaineko gogoeta ere zabaldu zuen Belaustegik. Euskal portuetan arraina sartzen dela dio, askotan saldu ezinik ibiltzen direla, baina ez dela jantokietara iristen, horietan ozeanoetan harrapatutako bestelako espezieak jaten direla. «Portuetan dugun arrain kantitatea eta kalitatea ikusita, onartu ezin dugun bekatu larri bat da hori». Kontuak horrela, harrapatuaren eta kontsumoaren arteko bideak errazteko modua badagoelakoan dago, eta, era berean, eskari eta eskaintzaren logika mantentzen dela; arrainari prezio minimorik ez jartzea onartezina dela esan zuen. Sektorean belaunaldi berriak txertatzeaz ere mintzatu zen. Belaustegiren arabera, «inguruko arrantzaleen etorkizun ekonomikoa eta kulturala mantentzen saiatu behar genuke, eta instituzioen aldetik ez dut inolako pausorik ikusten». Arrantza sektore ekonomiko modura galtzen ari dela nabarmendu zuen, eta arrantzale kultura ere ia galduta dagoela. «Aisialdirako itsasontziak daude portuetan, eta horiek beste filosofia batekin dabiltza arrantzan». CAMBIO DE MODELO��La pesca es cada vez m��s industrial, el utillaje es m��s avanzado, la ciencia y la t��cnica han dado enormes avances, y esta captura masiva hace que la pesca de ma��ana est�� en cuclillas��, dijo.