26 AVR. 2023 EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA JARDUNALDIA, HENDAIAN Gazteekiko obsesioa utzi eta haiekin aritzera animatu dute Gero eta gazteagoa da euskararen jendartea eta haiengan zama handiagoa jartzeko arriskua dakar horrek. Betaurreko negatiboekin begiratu ohi zaie, eta horrela ez dira praktika onak ikusten. Baina esperantza iturri itzela dira hizkuntzaren biziberritzerako. Gazteak izan ziren atzo Hendaian egindako Euskal Soziolinguistika Jardunaldiko protagonistak. Miren Artetxe eta Maialen Iñarra ikerlariek gazteen gaineko zenbait azterketaren gakoak eman zituzten. (Patxi BELTZAIZ) Maider IANTZI GOIENETXE “Gazteak mintzo: diskurtsoak eta etorkizunerako proiekzioak” izenburua izan zuen atzo Hendaian egindako Soziolinguistika Jardunaldiak. 14 eta 20 urte arteko lagunak ardatz hartuta prestatu zuen Soziolinguistika Klusterrak, Lakuako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Hendaiako Herriko Etxea lagun. Aditu eta ikerlariez gain, protagonistek ere parte hartu zuten, haiei buruz baino, haiekin ikertzeko helburuari jarraiki. «Ez dakit ezer gazte kulturaz», aitortu zuen hizlarietako batek, Miren Artetxe EHUko irakasle eta ikerlariak. «Zure teoriari kalea falta zaio, esan ohi da. Bada, gure asmoei etnografia falta zaie». Ipar Euskal Herria, datutan Jardunaldia hasteko, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako datuak eman zituen Eneko Gorri Plazara Kooperatibako kideak. «Azken hamarkadan, 400 euskaldun irabazi ditugu. Baina, 20 urtetan, 3.500 euskaldun galdu eta 39.500 erdaldun irabazi dira. Biztanleen ehunetik 80k ez dakite euskaraz». 2021eko kale erabileran, sekula baino elkarrizketa gutxiago entzun da euskaraz: %4,9. Baionan gaztelania gehiago aditzen da euskara baino. Gazteek batez bestekoa baino gehiago egiten dute. Haiengandik heldu da aldaketa, eta ez da zahartzen ari den jendartea: biztanleriaren laurdenak 25 urtetik behera ditu. Joan den larunbatean Baionako karrikak bete ziren: euskal hiztunek eta horiek sostengatzen dituzten egiturek bizi behar dutela aldarrikatu zuten, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea dutela ikasleek, eta AEK, Udaleku eta gero eta lan gehiago duten euskalduntzeko elkarteek ezin dutela prekaritatean segitu. Hizkuntza politika berri bati eman nahi izan zioten bultzada martxa hartan, «une giltzarri batean». Plazarako eledunak agertu zuenez, gero eta gehiago aditzen da euskararen alde aski egiten dela. Baina euskaltzaleek diote ezetz, bultzada behar dutela euskal hiztunek. Gorrik ideia bat azpimarratu zuen: «Obsesionatzen ari gara gazteek euskararen biziberritzearen lekukoa hartu behar dutela pentsatuz, guk erabakita nola eta noiz. Gazteek, guk erabakita. Lapsus», erran zuen irriz. Baina badira adibide anitz gazteak euskaraz borrokatzen ari direla erakusten dutenak: Liberdimenduak, Xiberoko Altxa Hadi, azterketak euskaraz pasatzeko bizikleta martxak, bertso sariak... «Nik 18 urte nituenean frantsesez mobilizatzen ginen eta euskara ez zegoen gaien artean. Gauzak onera aldatzen ari dira». «Euskara erabiltzea markatua da» Maialen Iñarra Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria da eta kirol arloan eta hizkuntzaren aktibazioari lotuta lanean aritu da, baita kale erabilera neurketetan ere. Deus baino lehen, «Hegoaldeko ikuspuntua» zekarrela onartu zuen, bereziki Gipuzkoakoa. Gauza bera Artetxek. Iñarrak azaldu zuenez, euskararen egitura mehea da gazteak mugitzen diren lekuetan: harreman informaletan eta mundu digitalean, kasu. Gainera, «euskara erabiltzea markatua dela sentitzen dute testuinguru batzuetan, eta gatazkak ekiditeko estrategiak baliatzen dituzte». Artetxek bi ikerlan hartu zituen oinarri gogoetarako: Lasarte-Oriakoa bata, eta Donostiako Hezkuntza fakultatekoa bertzea. «Oro har gaitasuna ez dago bermatua, D ereduan ikasi arren, eta hori oztopoa da erabilerarako», esplikatu zuen. Anitzek ez dute lagunartean euskara entzun unibertsitatera arte. Naturala ez dena naturalizatzen da Lehenengo urtean, Unibertsitatera heltzean, negoziazioak hasten dira. Denek dakite euskaraz, gaztelaniaz ere bai, eta dena da «arabera». Egiturazko baldintzarik gabeko hautuaren irudia ematen da. Praktika soziala naturalizatzen denean, dikotomiak eta parekotasun ezak ezkutuan gelditzen dira, ordea. «Gazte identitatea garatzeko gazte hizkera behar da. Batzuek ez dute, eta sentsazioa dute eskolako hizkeran ari direla beti. Estilo gisa identifikatzen dute dialektoa». Hori da ikerlariaren hipotesia. «Euskalkixa daukanak dauka punch gehiago. Te hace más tilín», dio ikasle batek. Hor bide bat ikusten du Artetxek. «Zergatik ez batudunek euskalkien zenbait ezaugarri estilistiko eurenganatu?», proposatu zuen. Erantsi zuenez, ez dira agente sentitzen, eta zaila da gazte ikerketetan talde dinamiketara hurbiltzea ere. Baina badira euskara markatua ez den eremuak, badira praktika onak. Horiei begiratzera animatu zuten jardunaldian. Eta, taldetasunaren garrantzia aintzat hartuz, gazteei agentzia ematera ere bai. «Quien tiene Euskalkixa tiene más punch. & # 34; Te hace más tilín & # 34;. Ahí ve Artetxe un camino: «¿ Por qué no los vascoparlantes se hacen con ciertas características estilísticas de los vascos ?».