03 MAI 2023 Euskara eskatzea baztertu dute, Uliazpiko epaiari segituz Erandion gertatu da. Udaltzain batek euskara jakiteko derrigortasuna atzera botatzeko eskatu zion Udalari. Honek ez zuen onartu, baina epaitegietara jota helburua lortu du orain. «Oldarraldi judiziala» salatu zuten iazko udaberriko protesta honetan ere, Donostian. (Aritz LOIOLA | FOKU) GARA ERANDIO Bilboko Administrazioren Auzien 1. Epaitegiak atzera bota du Erandion udaltzain aritzeko lanpostu bati jarritako euskara eskakizunaren derrigortasuna. Apirilaren 18ko epai bat da, eta atzo “Berria”-k eman zuen albistea. Kontseiluak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren barruan kokatu zuen epaia, eta euskara eskakizuna kentzeak herritarrek udaltzaingoarekin harremana euskaraz izateko duten eskubidea erabat baldintzatzen duela salatu zuen. Azkenaldian antzeko sententzia gehiago izan dira. Haserre handia eragin zuen, adibidez, joan den martxoan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpi fundazioan lan egiteko euskara eskakizunen kontra eman zuen epaiak. Orain Erandion gertatu dena ikusita, «jurisprudentzia» bide horretatik doala adierazi zion Iñigo Urrutia legegile adituak “Berria”-ri. «Nahiz eta kasu hau ezberdina izan, ez baita lan eskaintza publiko bat, baizik eta lanpostuen zerrendan egindako aldaketa bat, Uliazpiko jurisprudentzia bera ezarri dute», ohartarazi zuen. UDAL ESKUMENEI KALTE Erandion udaltzain gisa behin-behinean lanean ari zen herritar bat lanpostuko euskara eskakizunaren derrigortasuna atzera bota zezaten saiatu zen 2022an. Lehenbizi Udalaren bidez ahalegindu zen, baina, honek eskaria aintzat hartu ez zuela ikusita, auzitara jo zuen, eta halaxe lortu du postua betetzeko euskarazko B2 maila nahitaezkoa ez izatea. 2007an iraungitako euskararen nahitaezkotasuna zuen lanpostuak. Hala ere, sententzian argudiatzen da, 14 urtez postuan izan den langileak euskara ikastaroak egin dituen arren, gutxieneko eskakizuna ez duenez, desabantailazko baldintzetan lehiatu beharko lukeela euskara frogatuta duten beste hautagaiekin. Erandioko epaiak, herritarren eskubideak ez ezik, udalen eskumenak kaltetzen dituela kritikatu zuen Kontseiluak. Idurre Eskisabel idazkari nagusiak adierazi zuenez, «indarrean dagoen legediak hizkuntza eskubideak bermatzeko uzten dituen aukerak epaien bidez ixten ari dira auzitegiak». Erandioko Udalari helegitea jartzeko babesa emateaz gain, kide gisa jarduteko prestutasuna agertuko dio Kontseiluak. Bazkideekin eta beste hainbat eragilerekin batera, elkarretaratzea egingo du maiatzaren 10ean Bilbon, 11.00etan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, herritarren eskubideak murrizten ari diren esku hartze judizialei desadostasuna agertzeko. Bingen Zupiria Lakuako bozeramaileak adierazi zuen Gobernuak epaia aztertuko duela eta lanean segituko duela «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko», 40 urteotan «ezberdinen artean egindako akordioen» bidetik. PROTESTAKontseilua ha enmarcado la sentencia en el ��embate judicial�� contra la normalizaci��n del euskera. Convoca a la protesta, el 10 de mayo, ante el TSJ vasco.