06 MAI 2023 «ESKU BAT», EUSKARA BIZKORTZEKO KANTUA «Esku bat» kanta eta bideoklipa aurkeztu ditu Sorionekuak euskararen aldeko dinamika herritarrak. Letra Sustrai Colinak egin du eta musika, Nerea Urbizuk. Abestia eta bideoklipa aurkeztu zituzten atzo. (GARA) GARA Nafarroako herritar talde batek euskararen aldeko manifestu bat plazaratu zuen urtarrilean, Sorionekuak herri dinamika aurkeztuz. «Euskaraz ikasi, jolastu, mintzatu, barre egin, fikzioa ikusi eta amets egin nahi dugun herritarrak gara», adierazi zuten. Atzo beste urrats bat egin zuten; ‘‘Esku bat’’ kanta eta bideoklipa aurkeztu zuten. Proiektu honekin «euskara historia luzea duen hizkuntza» dela eta, «batez ere, etorkizun oparoa» edukiko duela nabarmendu zuten. Era berean, kantaren helburua «euskararen susperraldiak behar duen soinu banda» izatea da. Letra Sustrai Colinak egin du eta musika Nerea Urbizuk. Gainera, eremu zein egitasmo ezberdinetako lagunek hartu dute parte: Iñaki Soto, Martxelo Otamendi eta Joseba Santamaria, hots, GARA, ‘‘Berria’’ eta ‘‘Noticias de Navarra’’ egunkarietako zuzendariak; Aaron eta Kutxi Romero musikariak; Jagoba Arrasate; Mirian Rivas, Roberto Martil eta Ainhoa Tirapu futbolariak; Anabel Arraiza aktorea, Zuriñe Hidalgo, Olaia Inziarte, Nerea Urbizu eta Garazi Gartzia abeslariak; Saioa Alkaiza eta Estitxu Arozena bertsolariak eta Porrotx, Satorjator eta Astonauta pertsonaiak.