GARA Euskal Herriko egunkaria

LABek adierazi du langileek Hezkuntza Legean eragin dezaketela


Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Lakuako Gobernu Kontseiluan onartutako hezkuntza legearen proiektua sindikatuei azaltzeko deitu zuen, ostegunean, bileraren ostean (ELA, Steilas eta CCOO ez ziren bertaratu), LAB sindikatuak «kezka eta harridura» agertu zuen, eta langileek Hezkuntza Legean eragiteko aukera dagoela adierazi zuen.

Azpimarratu zuenez, bilerako gai-zerrendan «langileentzako oso garrantzitsuak diren» gaiak eztabaidatu ziren, hala nola sare publikoko langileen enpleguari eustea, egonkortasuna (behin-behinekotasuna %5etik ez igotzea bermatzeko neurriak), soldatak eta euskalduntzea, azpikontratatutako zerbitzuak, sarbidea, homologazioa edo itunpeko sareko langileen publifikazio-araudia. «Eztabaidarako gune bat sortu da, sindikatuok ekarpenak egin eta akordioak lor ditzagun. Horregatik, kezkaz eta harriduraz ikusten dugu sindikatu batzuek ez dutela aukera hau aprobetxatu nahi», azaldu zuen sindikatu abertzaleak.

DESOREKAK IKASLE FLUXUETAN

Aurtengo aurrematrikulazioan ustez oreka hobea lortze aldera Lakuak jarritako irizpideak ez direla betetzen ari salatu zuen Ikastolen Elkarteak ohar baten bidez.

Adierazi duenez, ikastolek bakarrik «mugimendua modu orekatuan» egin den lekuetan onartuko dute Hezkuntza Sailak ezarritako ikasle fluxua. «Irregulartasunak eta desorekak» antzeman dituzten eremuetan, ez dute proposamena onetsiko.