09 MAI 2023 Black metala, liburutegi nazionalean Hilabete pasatxo darama irekita “Bad vibes: Sonic emotions in Norwegian black metal” erakusketak Oslon. Musika estilo madarikatuaren ikuspegi zabala eskaintzen du. Eta harribitxiak ditu ikusgai. Burzum: diskoa... eta txiskeroa. (Gorm K. GAARE | OSLOKO LIBURUTEGI NAZIONALA - AFP) Alfontso DIEZ 90eko hamarkadan Eskandinavia aldetik, eta bereziki Norvegiatik, zetozen doinu hotz eta suminduek lurrikara ekarri zuten muturreko musikaren mundura. Baina ez zituzten metalzaleak soilik kolpatu; izan ere, gitarra zorrotz, ahots urratu, bateria azkar eta atmosfera ilunetik haratago, musikatik eta estetikatik haratago, mugimendu hura (“Inner Circle”) sortu zutenen inguruan izandako gertaerek -hilketak, suizidioak, elizak erretzea...- gizarte osoa astindu eta black metala estilo madarikatu bilakatu zuten. Eta hala ere, Eskandinaviako kulturan leku berezia du. Oso. Horren adibide da Osloko Liburutegi Nazionaleko “Bad vibes: Sonic emotions in Norwegian black metal” erakusketa. Irailaren 15era arte dago zabalik eta Mayhem, Darkthrone, Emperor, Burzum eta enparauen munduari begiratu zabala ematen dio. Azken horiek “Aske” diskoarekin -azalean Stave Church eliza kiskalita ageri zuena- banatu zituzten metxeroetako bat ere bertan dago.