GARA Euskal Herriko egunkaria

Ikastolen Elkartea: Hezkuntza Legeak «aldebakarreko politika» ekar dezake

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legearen aurreproiektuak «aukera esanguratsuak» jasotzen ditu Ikastolen Elkartearen iritziz eta, beraz, «balekoa» dela esan zuen. Dena den, testuak gabezia ugari dituela uste du, besteak beste, zehaztapen falta, Lakuako Gobernuaren «aldebakarreko» politika ekar dezakeena.

Koldo Tellitu eta Nekane Artola, Hezkuntza legea baloratzeko atzo egin zuten agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

EAEko Hezkuntza sistema arautuko duen legearen aurreproiektua «balekoa» dela esan zuen Ikastolen Elkarteak, baina dago, legearen zehaztapen faltaren ondorioz, hezkuntza eragileen parte hartzea zailduko duela eta Lakuari «aldebakarreko» politika ahalbidetuko diola.

Pasatu den apirilaren 25ean aurkeztu zen lege aurreproiektuak «aukera esanguratsuak» jasotzen dituela aitortu zuen Ikastolen Elkarteak. Horrek ez du kentzen, bere ustez, testuak zenbait «gabezia» dituela. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Nekane Artola lehendakariordeak aurreproiektuaren indargune eta hutsuneak aletu zituzten atzo egindako agerraldian.

Alde on eta txarren balantza eginda, Hezkuntza Legearen aurreproiektua «balekoa» da elkartearen ustez. Dena den, prentsaurrekoan legeari hiru alde positibo soilik aitortu zizkion -publikotasunari, doakotasunari eta euskarari dagozkionak-; negatiboak, berriz, zortzi.

ALDE ONAK ETA «BAINAK»

Gainera, txalotu zituen hiru neurrietan egin zituen ñabardurak Ikastolaren Elkarteak. Aurrerapausoen artean garrantzitsuenetako bat da, nabarmendu zuten, «publikotasun eredu berri bat definitu eta hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean» Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren ideia jasotzen duela. Hala ere, «zehaztapen falta» kritikatu zuen elkarteak, ez baitu «publiko-pribatu dikotomia juridikoa gainditzen».

Positiboa ikusten du, halaber, hezkuntzaren doakotasuna bilatzea. Alta, hemen ere zailtasunak antzematen dituzte ikastolek, legeak ez baitu aipatzen doakotasun hori nola burutuko den. Gainera, ohartarazi zuten egungo memoria ekonomikoak zehaztutako baliabideekin «ezinezkoa» dela doakotasuna gauzatzea, eta alternatiba bat proposatu zuten: Espainiako LOMLOEn jasotzen dena EAEko legean ere aplikatzea; hau da, lantalde bat sortzea doakotasunerako prozesua abiatzeko eta epeak zehazteko.

Azkenik, euskararen erabilera bultzatzeko Hezkuntza Legeak aurreikusten dituen baldintzekin ados agertu zen Ikastolen Elkartea: bai irakasle guztiei C1 maila lor dezaten formakuntza eskaintzearekin, baita ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan euskararen B2 maila lortu behar dutela zehaztearekin ere. Baina azken hau bermatu egin behar dela uste du eta, horregatik, ez deritzo egokia maila horren ebaluazioa ikastetxe bakoitzeko irakasleen kargu uztea. «Kanpo ebaluazioa egitea ezinbestekoa litzateke, objektibotasuna bermatzeko», agertu zuen.

PARTE HARTZEAREN MUGAK

Hezkuntza legea zirriborratzeko egin den prozesuan Ikastolen Elkarteak zehaztapena eskatu du hainbatetan. Eta berdin egin zuen atzo ere. «Gai garrantzitsu gehiegi, deskribapen labur baten ondoren, araudi bitartez garatzeko geratzen dira», gaitzetsi zuen. Horrek arrisku bat dakar ikastolen ustez: «Agindu eta dekretu bidezko garapenek aldebakarreko politika ahalbidetzen dute, eta hezkuntza eragileoi prozesuan parte hartzeko aukera zailtzen digute. Susmo hau egiaztatzeko aukera izan dugu ikasleen onarpen prozesuan ezarritako neurriekin, hezkuntza eragileok ez dugu eta prozesuan parte hartzeko aukerarik izan».



Iturgaiz: Legea itunpekoen kontrako «lehergailua» da

PPk EAEn duen presidenteak, Carlos Iturgaizek, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren kontrako adierazpen gogorrak egin zituen atzo. Urkulluren Gobernuari galdegin zion proiektua berehala geldi dezala, hizkuntza ikastereduen eta itunpeko irakaskuntzaren kontra ezartzen duen «lehergailua» delako. «Otegiren neurrira» diseinatutakoa, gaineratu zuen.

PPren Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko hautagaiak aurkezteko Bilbon egin zen agerraldian parte hartu zuen Itugaizek, eta bertan aldarrikatu zuen datozen hauteskundeetan «norabide aldaketa» bat hasi behar dela. Horren harira, EAJren kudeaketa zigortzeko asmoa berretsi zuen politikari eskuindarrak, izan ere, bere ustez, «soilik abertzaleentzako batzoki» bat sustatu nahi dute jeltzaleek, eta EH Bildurekin «mahai gainetik edo azpitik» akordioak egitea leporatu zien, Hezkuntza Legea eta estatus berria adibide gisa jarriz. GARA