10 MAI 2023 Sindikatuak batu egin dira eta greba deitu dute Lasarteko Michelinen GARA LASARTE-ORIA Lasarte-Oriako Michelineko enpresa batzordea osatzen duten sindikatuek lau greba egun deitu dituzte ekainean eta uztailean, hitzarmen kolektiboak langileen soldatetan hobekuntzak jaso ditzan. Hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari dira Michelinen, eta negoziazio mahaian defendatuko dituzten puntuak adostu dituzte LAB, CCOO, UGT, ELA eta CSI sindikatuek. «Gutxieneko akordio» horrekin soldatan hobekuntzak eskatuko dituzte, tartean, egungo inflazioarekin lotzea eta igoera orokor bat, langileek galdutako erosahalmena berreskuratzeko. Mobilizazio egutegi bat adostuko dute sindikatuek, eta atzo LABek bideratutako ohar batean azaldu zutenez, lehenengo pausoak zehaztu dituzte jada: ekainaren 5 eta 19an, nahiz uztailaren 10 eta 11n, greba eta mobilizaziora deitu dute.