GARA Euskal Herriko egunkaria

Haurrek eraikitako txalupa, uretan

Gaztetxo oriotarrek euren herriko ondarearen berri jaso ahal izan dute ala motako ontzia eraikitzeko prozesuan.

Haurrek egin zuten ala motako ontziaren lehen uretaratzea. (ALBAOLA)

Albaola Itsas Faktoria eta Orioko Mutiozabal ontziola elkarlanean aritu dira proiektu batean; helburua, ondarea transmititzea. Arotzen erremintak erabiltzen ikasi eta ontzigintzara hurbildu ahal izan dira, ala motako ontzi bat eraikiz. Orioko 10 eta 14 urteko ikasleek euren eskulanarekin tradizioei eutsiz, Oria ibaiko ertzetan erabili izan den txalupa eraikitzea lortu dute. Oriotarrek ibaiarekin harreman estua izan zuten iraganean, baina ohitura hori galtzen ari da orain. Ontzi hori eraikiz, gaztetxoek artisau lana egiten ikasteaz gain, euren herriaren itsas ondareari buruzko lezioak jaso dituzte. Hilabeteetan zehar Mutiozabal ontziola bisitatzen joan dira ikasle taldeetako haurrak, eta iltzez iltze eta piezaz pieza lana osatzen joan dira. Hala aritu dira egitasmoko lehen ala sortu arte. Ontzia prest zuten eta joan den larunbatean egin zuten uretaratzea. Ohitura zaharrari jarraituz, ontziolaren ondoan dagoen arrapalatik uretaratu zuten txalupa, eta ondoren, parte hartu duten ikastetxeetako kide gazteek hartu zituzten arraunak, ontziaren lehen bueltatxoa egiteko. Ekitaldia festa batekin amaitu zuten, ontziola alboko plazan.