13 JUIN 2023 Hezkuntza Legearekin kritiko azaldu da Euskal Kultur Transmisioaren Talde Eragilea Barandiaran eta Gurrutxaga, atzo. (LEGEBILTZARRA) Nerea LAUZIRIKA BILBO Gasteizko Legebiltzarrean Hezkuntza batzordea izan zuten atzo, zenbait eragilek Hezkuntza Lege proiektuaren inguruan dituzten ekarpenak mahai gainean jarri zitzaten. Tartean, “Sormenean hezi, kulturan bizi” Euskal Kultur Transmisioaren Talde Eragileko Gotzon Barandiaranek eta Amagoia Gurrutxagak hartu zuten hitza. Euskal kulturaren transmisioaren alorrean «proiektuak gabeziak» dituela eta, kezka agertu zuten. Batetik, nabarmendu zuten Hezkuntza Legearen egungo bertsioak «egoera diglosikoa ezkutatzen» duela. Ildo berean, «hezkuntzak gabezia handiak» dauzkala salatu zuten, «euskaldun osoak sortzerakoan». Uste dute diglosia onartzea ezinbestekoa dela hura gainditzeko: «Euskarazko murgiltze eredua proposatu beharko luke». Bestalde, aipatu zuten euskarak eta euskal kulturak ez dutela beharrezko garrantzia legean: «Kulturarik gabe pertsonaren garapen osorik ez dago». Bikaintasunaren aferari ere heldu zioten. Ordezkatzen dituzten eragileen izenean adierazi zuten kulturgintzari bere tokia eman behar zaiola hezkuntzan, «pentsamendu kritikoa garatuz bere kabuz pentsatzeko gai izango diren pertsonak hezteko». Horretarako, ezinbestekotzat jo zuten «kualifikazio handiko hezitzaileak formatzeko plan bat». «Hizkuntza eta kultura eskubiderik gabe» elkarbizitza ezinezkoa dela ere azaldu zuten: «Euskarazko murgiltze eredua elkarbizitzarako eta kohesiorako ezinbesteko tresna da». Euskara eta euskal kulturgintza banaezinak direla esan zuten: «Lege honek ezin dio euskarari lurralderik eta hedapenik lapurtu, euskararen herria Euskal Herria da». Euskarazko kulturgintzako eragileak «gabeziak nola konpondu proposatzeko» prest daudela adierazi zuten.