GARA Euskal Herriko egunkaria

Ardogintzak bizirauteko ibilbide-orria eskatu du EH Bilduk Araban


Arabako EH Bilduko batzarkide taldeak diputatu nagusiari eskaera hau egingo dio asteazkenean kontrolerako osoko bilkuran: ibilbide-orri argi bat abia dezala Arabako Errioxan, «eskualdearen eta ardogintzaren biziraupenerako».

Ohar baten bidez, Eva Lopez de Arroyabe Arabako EH Bilduko bozeramaileak Arabako Errioxaren eta ardogintzaren egungo egoera azaldu zuen atzo, eta nabarmendu «ziurgabetasuna eta mesfidantza direla nagusi eskualdean».

Horien arrazoi gisa aipatu zituen «enpresa-talde handien lehia desleiala, kalitate handiko ardoak ezin posizionatzea, mahatsaren prezioa, ardo soberakina eta lurrak erosteko zailtasunak. Horren aurrean, Arabako Errioxako eragile guztien parte-hartzea aldarrikatu zuen «ardogintzan ari diren pertsona guztien bizi-kalitate duina bermatzeko».