06 OCT. 2023 Gure kostako sekretuaK behatzen Aztik DNAn oinarritutako Europako ikerketa aitzindari batean parte hartu du, itsas biodibertsitatearen bilakaera aztertzeko helburuz. Aztiko eta Ifremerreko ikertzaileak, atzo, Bilboko itsasadarrean. (AZTI) Azti zentro teknologikoa eta Ifremer itsasoa esploratzeko Estatu frantseseko ikerketa institutua paleosedimentuen laginak biltzen aritu ziren atzo Bilboko itsasadarrean, ekosistemaren egungo egoera eta itsas biodibertsitatean industriaurreko arotik gaur arte izan diren aldaketak aztertzeko; alegia, gure kostaldeko iraganeko eta egungo sekretuak azaleratzeko. Ikerketa Europako BIOcean5D ekimenaren parte da. Birusetatik hasi eta itsas ugaztunetaraino, ekimenaren helburua da «egungo egoera diagnostikatzea eta giza jarduerak eragindako inpaktu historikoa hobeto ulertzea». Ikertzaileek Bilboko itsasadarra zeharkatu zuten “Ekocean” itsasontzian. «Paleosedimentuetan dagoen ingurumeneko DNA zaharraren analisiak informazio baliotsua ematen du eskualdeko ingurumen eta geologia historiari buruz, baita hainbat garaitan itsasoan bizi izan diren organismoei buruz ere», jakinarazi zuen Aztik. Corer izeneko hodi antzeko tresna bat erabili zuten itsas hondoko sedimentu laginak lortzeko; hortik, geruza bakoitzaren osagai kimiko, biologiko eta geologikoak azter daitezke. Azterketa Europako beste 15 lekutan ere egingo da.