21 OCT. 2023 Nafarroako Gobernuak 1.974 lanpostu publiko eskainiko dituela iragarri du Nafarroako Gobernuak 1.974 lanpostu publikoren eskaintza iragarri du, 2023ko LEPei dagozkienak. Honako hauek dira: irakasleak (571), osasun langileak (528) eta Administrazioko gainerako langileak (875), birjarpen eskaintzakoak eta eskaintza espezifikoetakoak. Atzo bildu zen Nafarroako Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra. (NAFARROAKO GOBERNUA) GARA Iruñea Nafarroako Gobernuak, Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren bileran, 2023rako lan eskaintza publikoen proposamenean jasotako 1.974 lanpostuen berri eman zuen atzo; hain zuzen ere, birjarpenekoak eta eskaintza espezifikoetakoak dira. Horietatik 875 plaza Administrazio Nukleoari dagozkio; 571, unibertsitateaz kanpoko irakasleei eta, 528 plaza, osasun langileei. 418 plaza administrari lanpostuari dagozkio; 333, Bigarren Hezkuntzako irakasleei; 213, erizainei; 136, Erizaintzako Zainketa Osagarrietako teknikariei, eta 120, maisuei. Halaber, Zerbitzu Orokorretako 83 plaza aurreikusi dira; Lanbide Heziketako Sektore Berezietako irakasle espezialistentzat, 58 plaza; zeladoreentzat, 49; Administrazio Publikoko teknikarientzat, 47; foruzainentzat, 46, eta 30 suhiltzaile plaza ere proposatu dira, besteak beste. Nafarroako Gobernuak azaldu zuenez, 1.974 lanpostuok birjartze lan eskaintza publikoari (873 plaza) eta berariazko lan eskaintza publikoari (1.101) dagozkie. Lehenengoarekin erretiroengatik edo funtzionarioen heriotzagatik hutsik dauden lanpostuak beteko dira, eta horien kalkulua Estatuak ezartzen dituen birjarpen tasei lotuta dago. Birjartzeko LEPeko 873 plazak honela banatzen dira: 323 Administrazio Nukleorako; 290, unibertsitatez kanpoko irakasleentzat; eta 260, osasun langileentzat. Plaza horietatik 17 indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat dira. Bestalde, berariazko LEPari dagozkion 1.101 plazak honela banatuko dira: 552, Administrazio Nukleoan; 281, unibertsitatez kanpoko irakasleentzat eta 268, osasun langileentzat. OSASUN LANGILEAK Osasun langileei zuzendutako plazei dagokienez, birjartzeko lan-eskaintza publikoan 260 plaza dira: Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko 248 plaza eta Nafarroako Osasun Publiko eta Laboraleko Institutuko 12 plaza. Hala, 121 plaza daude diplomadun sanitarioentzat; 55, fakultatibo espezialistentzat; 36, erizaintzako zainketa osagarrietarako teknikarientzat; 21, zeladoreentzat; 11, beste fakultatibo batzuentzat, eta 4, teknikari sanitarioentzat. Berariazko LEPari dagokionez, 268 plaza aurreikusi dira osasun-langileentzat: 112 osasun-diplomadun, 104 osasun-laguntzaile, 28 zeladore, 12 fakultatibo espezialista, 9 osasun-teknikari, beste fakultatibo batzuetako bi eta osasun-hezitzaile bat. Diplomadun sanitarioen lanpostuetatik 95 erizainentzat dira; sei osasun mentaleko erizain, lau fisioterapeuta, hiru erizain obstetriko-ginekologiko eta hiru erdi mailako hezitzaile sanitario teknikari. Fakultatibo espezialisten lanpostuetatik bi psikologo espezialista klinikoak dira. Postu bakarra dago hainbat espezialitatetan, horien artean, anestesia, digestio-aparatu, kirurgia orokor, kirurgia plastiko, estetiko eta konpontzaile, barne-medikuntza, psikiatria, erradiodiagnostiko eta erreumatologian.