24 OCT. 2023 Urtzi Abanzabalegi errugbi jokalari ohia hil da lan istripuan GARA ABADIÑO Urtzi Abanzabalegi errugbi jokalari ohia atzo hil zen, Abadiñoko Traña-Matiena auzoan dagoen enpresa batean, deskarga elektriko bat jasota. Kirolari eibartarrak 46 urte zituen eta oso ezaguna zen, batez ere errugbiaren munduan, hainbat taldetan aritu baitzen, hala nola Eibarren, Ordizian, Getxon eta Hendaian. Lan istripua goizeko 9.50ean jazo zen Rheinmetall Automotive enpresan -Pierburg SA zena-, ELA sindikatuak azaldu zuenez, baina langilea Electricidad Anboto enpresakoa zen. Deskarga elektriko bat jaso zuen eta, suhiltzaileak eta Osakidetzako helikoptero bat bertaratu ziren arren, ezin izan zuten ezer egin eta behargina hil egin zen, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez. Dagoeneko 46 dira aurten Euskal Herrian lan istripuan hil diren langileak, LABek emandako datuen arabera.