GARA Euskal Herriko egunkaria

Inflazioaren albo kalteak, kezka iturri Ipar Euskal Herriko enpresariengan

Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarak (MIG) azken sei hilabeteotako bilakaera ekonomikoari buruzko txostena aurkeztu du. Lehengaien prezioen gorakadak, alde batetik, eta salmenta aurreikuspenaren apaltzeak, bestetik, arrangura sortu dute. Baita Euskal Elkargoak urte honetarako planteaturiko zergen igoerak ere.

Jean-Baptiste Fagoaga, Andre Garreta eta Marie-Anne Kozlowski, atzo goizean, Baionan. (Nahia GARAT)

Baionako Merkataritza eta Industria Ganbarak (MIG) azken sei hilabeteotan Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean jarduera ekonomikoak izan duen bilakaerari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo, asteartean, Baionan.

Eragile ekonomikoen aldarteari dagokionez, txostenak aditzera ematen du Ipar Euskal Herriko enpresariek, arazoak arazo, baikor begiratzen diotela 2024. urteari. MIGek helarazitako galdetegiari erantzun diotenen artean %77k konfiantza agertzen dute.

Hala eta guztiz ere, itsaso bare horri gertuagotik begiratuz gero, behetik gorako olatuak sumatzen dira. Finean, azken urteetan izandako inflazio altuak bere ajeak utzi ditu ehun ekonomikoan.

Egonkortasun giroa nagusitu arren, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko kudeatzaileei arazoen zerrenda luzatu zaiela aitortu zuten MIGeko arduradunek.

Eskaerak atzera egin du sektore gehienetan, eta horri gehitu behar zaio kontsumo gaitasunaren galerak eginiko kaltea. Andre Garreta MIGeko buruak azaldu zuenez, «marjinak murriztu dira eta ordainketa epeak, aldiz, luzatu dira, eta horrek enpresen egoera zaurgarriagoa bilakatu du».

GAZTEAK, LANAREN BILA

Enpresen planta ematea neurtzen duen tasa berdean agertzen bada ere -428 enpresa berri sortu ziren iaz-, bilana goibeltzen doa. Hala, 2022. urtearekin alderatuta, %9 apaldu da aktibitate berrien sorrera.

Enpleguari buruzko bilakaerari dagokionez, %0,5 emendatu ziren kontratazioak iaz.

Izan ere, hazkunde nagusia hirugarren sektorera mugatu zen (+ %1,7). Zerbitzuetako alorrean, osasungintzan eta ostalaritzan izenpetu ziren kontratu gehienak.

Langabezia tasa %6an kokatu zen iaz. Horretan ere iraunkortasuna da nagusi.

Alta, lanpostu baten xerka diren herritarren kopurua emendatu zen (+ %1,9). Adierazgarria da 2022an %3,8 igo zela enplegu bila ari ziren 26 urtetik beherako gazteen kopurua.

Lana lortzeko orduan antzeko zailtasunak atzeman zituzten goi ikasketak egin dituzten eta formazioa apala duten gazteen artean ere. %4,4 igo zen lehenengoak aintzat hartzen dituen atala, %5,2 bigarrenena.

Marie-Anne Kozlowski Banque de France erakundeko ordezkariak inflazioaren beheranzko joerak jarraituko duela nabarmendu zuen, eta horrek garapen ekonomikoari bultzada emanen diola espero du.

Inflazio giroan, ordea, batzuek besteek baino etekin hobeagoak atera dituzte.

Baionako Portuak 268.000 tona garraiatu zituen iaz, 2022ko zifrak bikoiztuz. Biarrizko aireportuak 970.000 bidaiari jaso zituen iaz, pandemia aurreko zifretara itzulirik.

Aldiz, erosteko ahalmen gutxiago dutenez bezeroek «poltsak gutxiago betetzen dituztelako» kexu agertu dira, oro har, «Barometre Eco» delakoari erantzun dioten komertzio alorreko eragileak. Jean-Baptiste Fagoagak langileak xerkatzeko ostalaritzak dituen zailtasunak nabarmendu zituen atzoko agerraldian. Kostuen igoeragatik kopetilun azaldu zen ostalari saratarra, eta energiaren prezio altua aipatu zuen batik bat. «Zorionez Frantzia herrialde nuklearra da», esatera ausartu zen, izaera horrek apaldu duelakoan krisi energetikoak fakturan utzitako orbana.

Komertzioan soilik ez, baita Industrian edo Eraikuntzan ere mozkinen murriztea aipatzen dute enpresariek kezka iturri gisa. Turismoan jarduten dutenek erosteko ahalmenaren galerari egotzi diote iazko bilanak erakusten duen «behin-behineko gibelatzea».

ZERGAK ORDAINTZEKO LAN EGIN

Bestalde, Fagoagak babestu egin zituen MIGeko buruak zergen igoeraren inguruan planteatutako erreparoak. Biek ala biek ohartarazi zutenez, «enpresarien lana ezin da baliatu erakundeen aurrekontuak orekatzeko».

Industria higiezinen gaineko CFE tasak azken urteotan izan duen bilakaeragatik haserre mintzo ziren MIGko ordezkariak, fite Euskal Elkargoak 2024ko zergak igotzeko adierazi duen asmoa arbuiatuz. «Enpresariek ezin dute lan egin zergak ordaintzeko», bota zuen Garretak, gezia Jean-Rene Etchegaray buru duen erakundearen kontra jaurti aitzin.

Aipatu zuen Euskal Elkargoak «ez dituela gauzak behar bezain ondo egiten», hala nola etxebizitzaren krisiari erantzuteko. «Airbnb errudun» hartzea egotzi zion erakundeari. Bizitoki sozialak sortu ordez, «erretreta biribiltzeko alokairuan inbertitzen duten herritarrak» jomugan jartzea leporatu zien hautetsiei.