06 MAR. 2024 Hilaren 12ko grebari begira, ehun mobilizazio EAEko arlo publikoan ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek deituta, eta martxoaren 12ko grebaren atariko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoek elkarretaratzeak egin zituzten atzo. Ehun mobilizazio baino gehiago antolatu zituzten, sindikatuen arabera. Sektore publikoko langileek atzo Gasteizen egin zuten elkarretaratzea. (Endika PORTILLO | FOKU) GARA GASTEIZ “Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu” lelopean, ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek deituta, ehun elkarretaratze baino gehiago antolatu zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko lantokietan. Datorren martxoaren 12ko grebari begira, «erakundeen eta agintzen duten alderdi politikoen borondate ezaren aurrean, langile publikoek ozen aldarrikatu dute zerbitzu publikoak indartzearen beharra», adierazi zuten sindikatuek. Esate baterako, Osasungintzako langileek 39 elkarretaratze egin zituzten ospitale eta osasun zentro nagusietan, adibidez, Donostia Ospitalean, Zumarraga Ospitalean, Txagorritxu Ospitalean, Gurutzeta Ospitalean, Basurtu Ospitalean, Errenteriako Iztieta osasun zentroan, Azpeitiko osasun zentroan, Arrasateko osasun zentroan, Irun erdialdeko anbulatorioan, Salburuako osasun zentroan, San Martin osasun zentroan, Galdakaoko osasun zentroan eta Santurtziko Kabiezes anbulatorioan. HEZKUNTZAKOAK Udal-Foru esparruan ere 30etik gora mobilizazio egin zituzten, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, eta hiru lurraldeetako hainbat herritan, hala nola Eibar, Errenteria, Zarautz, Azpeitia, Ordizia, Arrasate, Oñati, Pasaia, Barakaldo, Santurtzi, Ortuella, Basauri, Getxo, Bermeo, Leioa, Zornotza, Erandio eta Laudion, besteak beste. Hezkuntza publikoan ere haur-eskoletan eta eskoletan haur hezitzaileak, irakasleak, heziketa bereziko langileak eta sukaldari eta garbitzaileak kalera atera ziren atzo. Goizean Elorrioko eta Segurako haur-eskoletan eta Eibarko Haur Eskolak Partzuergoaren egoitzaren aurrean izan ziren. Horrez gain, Donostiako Zubiri Manteo eskolan eta Iralen, Bilboko Zamakola Juan Delmas eskolan eta Intxixu Ikastolan, Gasteizko Salburua eta San Inazio eskoletan, Balmasedako Mendian edo Hondarribiko Talaia ikastetxean. Egunean zehar, eguerdi eta arratsaldean beste eskola batzuetan egin ziren. Elkarretaratze horietan, grebarekin bat egiteaz gain, erakundeen eta alderdi politikoen borondate eza salatu zuten arlo publikoko langileek.