24 JUIL. 2024 Zunzun ttikiaren mirari handiak Kolibrietan txikiena da. Hegaztietan munduko marka handienak ditu jainkoen kreatura eta mezulari fin den zunzuncito kubatarrak. Erle-kolibria edo zunzuncito-a (Mellisuga helenae), Kubako espezie endemikoa. (Yamin LAGE | AFP) Mikel ZUBIMENDI Maien kondairak dio, gauza guztiak sortzean akats bat izan zela: leku batetik bestera desirak eta pentsamenduak nork eraman ez zegoela. Orduan, Jainkoek jadea hartu eta gezi txiki bat zizelkatu zuten. Putz egin eta hegan atera zen: xts’unu’um bat sortu zuten, kolibria. Hain arina eta hauskorra, loreetara hurbildu zitekeen petalo bakar bat ere mugiarazi gabe. Behin, gizon batek harrapatu nahi izan zuen, baina Jainkoek ohartarazi zuten: «Kolibria harrapatzen duena hil egingo da». Horregatik, kolibria ezin da izutu, zaindu egin behar da: irudiko erle-kolibri edo zunzucito-a bezala, Kubako Matanzasko Palpite herrixkan Bernabe Hernandezek bere lorategian bezala. Zuzuntxua, orotan txikiena, munduko errekor handien jabe ere bada: hegaztietan luma gutxien ditu, gorputzeko tenperatura altuena, estalketan hegoak azkarren astintzea (200 aldiz segundoero)... Bitxia da: haren lumek ez dute pigmenturik, eguzki argia deskonposatzen duten plaka txiki batzuk dituzte, horregatik da beti kolore ezberdinekoa. Hernandezen lorategian beste kolibri espezie bat dago, zertxobait handiagoa (10 cm) eta arruntagoa, Ricord esmeralda (Riccordia ricordii).