GARA Euskal Herriko egunkaria

Termometroak 40 gradutik gora eta alerta gorria Nafarroan

Nafarroako Gobernuak alerta gorria aktibatzeko erabakia hartu du, ostiral honetan tenperatura oso altuak izanen direlako. Batez ere barnealdean eraginen du beroak. Abisu eman dute termometroak 40 gradutatik pasa litezkeela.

Asteburuan tenperaturek gora eginen dute Euskal Herri osoan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gaur hasiko den bero boladan tenperatura oso altuak aurreikusten dira Euskal Herri osoan, barnealdean bereziki. Tenperaturak 40 gradutik gorakoak izan daitezke leku askotan. Lakuako Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du, baina Nafarroakoak gorrira eraman du alerta maila. Haren estimazioen arabera, Erribera aldean 41,4 gradutara hel liteke giroa.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (Noploi) nafarrei asteburuan kontu handiz ibiltzeko mezua bidali die. Izan ere, bero olatua Foru Komunitate osora zabaltzea espero da gaurtik aitzina.

Osasun Ministerioak eta Estatuko Meteorologia Agentziak (Aemet) diotenez, bero bolada asteburuan gogor astinduko du Nafarroa. Zorionez, lurraldera labe giroa ekarriko duen bero olatua astelehenean baretzen hasiko da, tenperaturak emeki-emeki leuntzen.

Abuztuko egun hauetan zenbait herritako festak tenperatura altuekin batera gurutzatuko dira. Koktel hau arriskutsua izan daiteke, izan ere, festa giroan sartuta egotean beroaren kontrako gomendioak betetzea ahaztu dezakete herritarrek. Hidratazioaren eta itzalean egotearen garrantzia nabarmendu du Noploik.

Horrez gain, pertsona zaurgarrien egoeraz jabetzea eta haien osasunaz arduratzea gogoratzen du Institutuak.

Profil zaurgarrien taldean sar daitezke batez ere 65 urtetik gorakoak, 4 urtetik beherakoak, haurdun dauden emakumezkoak, bero gehiegi jasaten duten langileak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak.

Beste lurraldeez den bezainbatean, itxuraz ekialdea zigortuko du lehenik bero lamadak, eta hortik mendebalderantz eginen du. Kontuak honela, Bizkaian eta Araban egoera okerragoa aurreikusten da larunbatean, ostiralean baino.

Lakuako aginduari dagokionez, bero bolada berri honen abisua ostiraleko arratsaldeko hirurak eta zazpiak bitartean indarrean jarriko da. Tenperaturak 37 gradutara irits daitezke Arabako hegoaldean. Bere aldetik, Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdeetan tenperaturak 31 gradu ingurukoak izan daitezke, eta kostaldean, 27 graduren bueltan.

Ipar Euskal Herrian, aldiz, tenperatura 27 eta 28 graduen artean mantenduko da, asko jota, aurreikuspenen arabera.

Euskal Herritik harago joanda, Mediterraneo aldean izugarrizko beroa gerta daiteke hurrengo egun hauetan. Erroman, esate baterako, 43 gradutara helduko dela uste dute adituek, Caronte izeneko antizikloiaren eragina dela eta.

Espainia aldean, azteazkenean, 42.9 gradu neurtu zituzten Ciudad Realen.