GARA Euskal Herriko egunkaria

Itziar Agirre, Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu berria


Itziar Agirre Lakuako Ogasun eta Finantza sailburuordeak ordezkatuko du Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu gisa, foru erakundeko iturriek aditzera eman dutenez.

Itziar Agirre Berriotxoa Urretxun jaio zen 1975ean, eta 2013tik Lakuako ogasun arloan lan egiten du; lehenik, Zerga Administrazioko zuzendari gisa, eta, ondoren, 2017tik aurrera, Ogasuneko sailburuorde gisa.

Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu kargua hartuko du Agirrek. Jokin Perona abuztuaren 7an hil zen, bizikletan zihoala, Zamorako herri batean.

Agirre, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbidean lizentziaduna, enpresa pribatuan lan egin zuen Lakuan sartu aurretik. 1999tik 2003ra Manufacturas Oria enpresako administrazio-lanetan aritu zen, eta abokatu aholkulari gisa aritu zen Elkarlan 2013ra arte.

Gainera, EAJko zinegotzia da Urretxuko Udalean 2003tik, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako prokuradorea izan zen 2007-2013 legegintzaldian.

LANKIDETZA INDARTZEKO

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak nabarmendu zuenez, orain Itziar Agirre eta uztailean Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu izendatuta, Gobernu taldeak urte politiko berriari ekingo dio «lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin lankidetza indartzen jarraitzeko eta gainerako indar politikoekin akordioak lortzeko borondate berarekin». Era berean, Mendozak Perona gogoratu zuen. «Gipuzkoaren alde lanean» jarraituko dutela esan zuen.