22 AOûT 2024 Gipuzkoako Correos lantokietan beharginen %50 baino gehiago falta da Bizkaian ere langile falta salatu zuten. (M. DEL VALLE | FOKU) GARA DONOSTIA Kontratazio faltaren ondorioz, Gipuzkoako Correos lantokietako egoera «hondoa jotzen» ari dela adierazi zuten atzo CCOO, LAB, ESK, UGT eta ELA sindikatuek elkarrekin sinatutako prentsa ohar batean. Correosek Gipuzkoan ez kontratatzeko duen politikak langilerian eragina duela eta gehiegizko lan karga «jasanezina» bihurtu dela adierazi zuten. Prentsa oharrean azaldu zuten enpresak apirilaren amaieratik ezagutzen zuela behargin bakoitzaren oporraldia, baina lanak burutu ahal izateko behar adina langile ez kontratatzeko irizpideari eustea erabaki zuela. Sindikatuen arabera, plantillaren erdia baino gehiago falta da, eta postariak lanez erabat gainezka daude. Herri batzuetako kasuak aipatu zituzten: Villabonan, esate baterako, sei postuetatik bi bete dituzte, eta bi asteko atzerapena dute jakinarazpen eta gutun arruntek. Eibarren hamalau postuetatik sei baino ez daude beteta. Bergaran (8tik 4), Lazkaon (4tik 2) eta Hondarribian (11tik 6) dira gabezia larrietan dauden beste bulego batzuk. EGOERARI AURRE EGITEKO NEURRIEN BEHARRA «Egoera jasanezina da, eta denboran asko luzatzen ari da. Horrenbestez, Correosek arazoari irtenbidea ematea erabakitzen ez badu, hurrengo urratsa mobilizazioak egitea izango da», esan zuten sindikatuek. Posta zerbitzuari lotutako arazoak ez dira Gipuzkoan bakarrik gertatzen. Bizkaian lanuzteak egin zituzten uda aurretik, bertan ere beharginen aldetik gabezia larriak zirela-eta, gutunak pilatzen ari zitzaizkiela salatzeko.