22 AOûT 2024 Tokiko ekonomia sustatzeko, moneta soziala aztergai Pirinioen bi aldeetan tokiko ekonomia iraunkorra sustatzeko asmoz, moneta sozial baten bideragarritasuna aztertuko dute, Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak bultzatutako ikerketa baten bitartez. Anbustegi Baztango alkateak xehatu zuen proiektua NAIZ irratian. Anbustegi eta Ollo ikerketarako hitzarmena sinatzen. (NAFARROAKO GOBERNUA) GARA BAZTAN Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintza eta Euskara departamentuak eta Baztango Udalak bultzatutako ikerketak Europan mugaz gaindiko moneta sozial baten bideragarritasuna aztertuko du. 30.000 euroko hitzarmena sinatu dute bi erakundeek. Fernando Anbustegi Baztango alkateak NAIZ irratian azaldu zuenez, pozik hartu dute proiektua herritarrek: «Hemengoek hemengoa ekoitzi eta erosteko tresna eraginkor gisa ikusi baitute». Baztango Udaletik sortutako proiektua da, alkatearen esanetan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan duela hamar urtetik martxan den tokiko monetari begira luzaroan. Euskoari begira zehazki, proiektu erreferentziatzat dutela adierazi zuen Anbustegik: «Euskoak onura asko ekartzen dizkie Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari, ekonomikoki bertakoan inbertitzen delako eta baita tokiko harremanak sendotzen dituelako ere. Horrek gizarte kohesioa handitzen du». TOKIKO MERKATARITZA Alkateak azaldu zuenez, Baztanen ia ez dago industriarik, eta lehen sektorean oinarritu da ekonomia historikoki. Azken urteetan, ordea, turismoak zein zerbitzu eta merkataritza sektoreek gero eta indar gehiago dutela nabarmendu zuen. «Denda txikiz osaturiko herriak dira gureak, eta hortik Iparraldeko herriekiko lotura ere. Jende dezente etortzen da gurera erosketak egitera», esan zuen. LEHEN URRATSAMomentuz Baztanen erabiltzeko diruaren bideragarritasuna aztertuko dute, tokiko moneta soziala sortzeko helburuarekin. Eta, Anbustegiren esanetan, ondoren aztertuko dituzte «mugaz gaindiko aukerak».