GARA Euskal Herriko egunkaria

ELAk gutxieneko soldata «bertan erabakitzeko» HEL bat bultzatuko du


ELAk lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) berri baten aldeko proposamena mahairatuko du Bilboko Casilla kiroldegian, urriaren 24an. «LGS kalkulatzeko formula berriaren xedea da Hego Euskal Herrian sortzen den aberastasuna benetan banatzea», azaldu zuten atzo Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Roser Espelt azterketa bulegoko kideak agerraldi batean.

«La Casillan ekimen garrantzitsuari emango diogu hasiera. 2025ean aurrera eramango dugun subiranismo sozialaren aldeko apustua izango da», esan zuten.

Sindikatuaren esanetan, LGS berri hori bide ezberdinetatik ezartzeko aukera dago baina, bere iritziz, «biderik egokiena» herri ekimen legegile (HEL) bat bultzatzea da. Hori dela eta, hori jarriko du martxan datorren urtean. Eta soldata hori finkatzeko, «per capita BPGa aintzat hartzea» lehenesten du.

Hala, ELAk kalkulurako per capita BPG nominala baliatzea hobesten du. «Horrela, soldatapeko langile bakoitzak gutxienez jasoko du gizarte guztiak sortutako balioaren portzentaje bat». Zehazki, proposatzen duena da LGS per capita BPG nominalaren %65 izatea. Beraz, Hego Euskal Herrian 2024rako 1.795 euro gordineko 14 ordainsari dira. «Belgikaren edo Alemaniakoaren parekoa», azpimarratu zuten.