28 NOV. 2024 Pre-helduaroaren tenpoak berreskuratzeko saiakera dakar Amurizak: Review eta play Bigarren eleberria plazaratu du Miren Amuriza Plazak, Susarekin, “Pleibak”. Agertu duenez, «akzidente sorta eder eta min bat da, nerabezaro desbordante bat, adiskidetasun genuino bat, neskato bi beren lehenengo bikote harremana esperimentatzen horretan ari direnik konturatu gabe». Bertso saio musikatuen bidez aurkeztuko du. Miren Amuriza Plaza, «Pleibak» bigarren nobela aurkezten, atzo, Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) MAIDER IANTZI GOIENETXE Bigarren nobela dakar Miren Amuriza Plazak, “Pleibak” (Susa). Duela bost urte argitaratu zuen lehenengoa, “Basa” (Igartza bekaren irabazlea, Elkar), eta hura istoriotik abiatu zen bezala, honakoak hizkuntza izan du hasiera. Bertso saio musikatu bira bat ere antolatu dute liburuaren aurkezpen gisa. Miren Narbaiza “Mice” eta Amuriza saio guztietan izanen dira, testuekin eta musikarekin, eta bertsolariak binan-binan joanen dira kantatzen: Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Saioa Alkaiza, Uxue Alberdi eta gehiago. Lehenengo saioa igande honetan izanen da, Berrizko kultur etxean. Leire Lopez Ziluaga editoreak atzo Donostian egindako ekitaldian azaldu zuenez, nobelan ahots nagusi bat dago beste norbaiti zuzentzen zaiona. Jone da bata, narratzailea, eta Polly, bestea. 15-16 urte inguru dituzteneko ikasturte bat kontatzen da. Gertakizunak ordukoak dira: “Moro”-ra bidaia, institutua, Antzara Eguna, istripua, dena egiteko gogoz gaudeneko zurrunbiloarekin. Baina urte batzuk geroagotik kontatua dago, Jonek eta Pollyk aspaldi harremana galdu duten sasoi batetik. Denbora osoan jasoko ditugu bi plano horiek nahasian. Batetik, gaztaroko intentsitatea, gauza bat bestearen ostean gertatzen, eta bestetik, laino bat balitz bezala, kontakizunari geruza bat gehitzen, nagusia deneko begirada hori: zer gertatu den, zer gertatuko den dakien begirada hori. Lau parte ditu liburuak, guztira 40 atal labur, eta Itziar Bastarrikak eta June Baonzak egin dute azala. «FESTA DOSMILERO BAT» Amurizak testu zoragarri bat irakurri zuen, liburua eskuratzeko gogoaren pizgarri. «Atepetik eskapatu zitzaigun pre-helduaroaren tenpoak berreskuratzeko saiakera bat da. Review eta play. Review eta play. Review eta play, play, play, inguratzen gintuzten kode nahasi haiek guztiak ulertzera iritsi arte». «‘Pleibak’a da Britney Spears eszenatokiaren erdi-erdian erortzea eta abestiak ahots eta guzti aurrera jarraitzea», segitu zuen bertsolari eta idazleak, irriak ihes egiten ziola. «Min egin nizun, min egin zenidan, eta tristura ukigarri bat etortzen zait ikusten zaitudan bakoitzean. Gu helduak zein lagun mota izango liratekeen jakin barik geldituko gara, tia». “Pleibak” festa gisa definitu zuen berriztarrak. «Festa dosmilero bat. Su Ta, Hemendik At, Safri Duo eta Chenoa. Licor43a, tigretoiak, doritosak eta cheetosak. Gure festa. Gure erreferenteekin: Matilda, Buffy Cazabampiros». «Pleibak bat egitea etengabe entseatzea da, beti erakuts diezaiokezu lagunen bati. Horrexegatik amaitu zuen hainbat koaderno eta mahai ertzetan boligrafoekin ohar amorosoak idatziz: ‘A. M. Z’». «Pleibak bat egitea zure lagunik onenaren etxeko komunetik irten eta jendaurrean jartzea da. Erdi-erdian. Zerogarren posturan. Hiru, bi, bat... play!». HIZKUNTZAZu bati ari zaiolako, ahozkotasunetik hurbil dagoen testu bat sortu du Amurizak. «Euskararen sintaxian zutabetuta, lexikoari zukua ateratzera jo du, zikintzera, apurtzera, Jonek nola hitz egingo lukeen, horretara hurbiltzera. Hizkuntzan ere bagarelako nor», adierazi du Leire Lopez Ziluaga editoreak.