GARA Euskal Herriko egunkaria

Netflix eta lobby sionista


Netflitxen katalogoan “Historias Palestinas” (“Palestinako historiak”) izeneko bilduma zegoen. Zegoen esan dut, plataformak Palestinako zinemarekin loturiko ia film guztiak kentzea erabaki baitu. 2021eko urrian kaleratu zuten bilduma, eta 32 film zeuden guztira; horietako 19 ezabatu egin dituzte.

Erabaki hori lobby sionistaren presiogatik izan omen da. Palestinaren ezabaketa kulturala eta mediatikoa ez da berria. Israelgo presio taldeek urteak daramatzate Gazako okupazioaren basakeriak agerian uzten dituen edozein ahots isilarazteko lanean. Im Tirtzu Israelgo eskuin muturreko erakundeak hasieratik kritikatu zuen bilduma.

Artea tresna boteretsua da Palestinan gertatzen ari den sarraskiaren berri emateko, baina Netflix eduki horiek ezabatzearen alde agertu da. Gazako herritarrek genozidio bati aurre egin bitartean, streaming-aren erraldoiak egunero bizi dutena konta zezaketen ahots apurrak erretiratu ditu. Giza eskubideen aldeko zenbait taldeek erabakia bertan behera uzteko eskatu diote, baina hauen isiltasun korporatiboa gorgarria da; argudio bakarra «film horiek hiru urteko lizentzia hitzarmena zutela» izan da.

Sinadurak bildu dituzte eta harpidetzak bertan behera uztea protestaren ikur bihurtu da. Palestinako kultura herri horren nortasunaren eta erresistentziaren parte da, eta Netflixek hori ezabatzea erabaki du.