GARA Euskal Herriko egunkaria

Aitortza eskaera Barañainen, Karmele Solaguren oroitzeko ekitaldian

Karmele Solaguren gogoratu eta dispertsio politikaren biktima gisa behar duen aitortza eskatu zuten atzo ekitaldi batean Barañainen. Hogei urte dira barañaindarra auto istripuan hil zela, Madrilen preso zegoen Ekain Gerra semea bisitatzera zihoanean. Aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea exijitu zieten erakunde nafarrei.

Krabelin gorriak jarri zituzten Karmele Solagurenen omenezko eskulturan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Barañainen egindako ekitaldi batean Karmele Solaguren oroitu zuten atzo, eta aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea eskatu zuten. 20 urte dira barañaindarra auto istripuz hil zela, Alcala Mecon preso zegoen Ekain Gerra semea bisitatzera zihoanean.

Karmele Gogoan kolektiboak deituta, Solagurenen irudiak zabaldu zuen oroitzeko ekitaldia abiatzeko eginiko manifestazioa. «Karmele, gogoan zaitugu» eta «Herriak ez du barkatuko» bezalako leloak entzun ziren mobilizazioan.

Parte hartzaileen artean preso ohiak eta errepresaliatuen senide ugari izan ziren, baita Ana Fernandez, dispertsioaren ondorioz hildako Sara Fernandezen ahizpa, eta Imanol Barrueta, Angel Barruetaren semea.

Manifestazioa Udal Plazan hasi zen eta Iruñeko etorbidean amaitu zen, Solaguren gogoratzen duen eskulturan. Bertan, txalapartaren doinuek, Ainara Ieregiren bertsoek eta Kantuz Barañain koroaren abestiek hasiera eman zioten oroitzeko ekitaldiari.

Egiari Zor Fundazioaren izenean, Ainara Gorostiagak hitza hartu eta gogoratu zuen «dispertsio politikaren ondorioz 16 pertsonek bizitza galdu zutela» Estatu espainoleko toki ezberdinetan. Nabarmendu zuen «ekidin zitezkeen» heriotzak direla. Biktima guztiek aitortuak eta erreparatuak izan behar dutela adierazi zuen, eta dispertsioaren ondorioz hildako Sara Fernandezek eta Karmele Solagurenek aitortza legala jaso behar dutela aldarrikatu zuen.

POLIZIAREN HILERRIKO KARGA

Karmele Gogoan kolektiboko Raul Osakain eta Zuhara Zaratiegik gogoratu zuten, halaber, duela 20 urte, Solagurenen heriotzaren ostean hilerrira hurbildu zirenen kontra kargatu zuela Poliziak. «Barañaingo Udala, gertaturikoa ez aitortzeaz gain, milaka pertsonak Herriko plazan Karmeleri egin nahi genion omenaldia eragozten saiatu zen», esan zuen.

Era berean, gogoratu zuten 14 urte igaro behar izan zirela Barañaingo Udalak Karmele Solaguren dispertsioaren biktima gisa onar zezan. Ainara Gorostiagak adierazi bezala, dispertsioaren biktima gisa aitortzeko eskatu zien erakunde nafarrei.

Eskulturaren aurrean eskainitako aurreskuaren ondoren, krabelin gorriak utzi zituzten bertaratutakoek Solagurenen oroigarrian egindako lore eskaintzan. Probokazio uneak ere izan ziren ekitaldian, Karmele Gogoan kolektiboko kideen hitzartzean, hain zuzen ere, hurbiletik igaro zen gizon batek ekitaldian parte hartzen ari ziren pertsonak iraintzen hasi zenean, tentsio egoera eraginez.