08 DéC. 2024 ZORROZTARRIA Arnasgunea tenplu itogarrian Julen MURGOITIO Berripapera hartu, komunera arin batean abiatu, patxadaz jesarri eta orriak aurrera eta atzera ilustratzen nabilela, ezusteko berria! Gorabeherak izan ei dira pelikula bat katedral ospetsu baten barruan filmatzeko. Ez dakit arazoa izan ote den fariseuen tenpluko hizkera ezin dela Jaungoikoaren etxean entzungarri izan, estatuak kexu azalduko zirelakoan. Horrela bada, “onarpen-eskubidea erreserbatuta” karteltxoa ate nagusian jarri eta agur ben-hur! Eta San Mameseko Katedralera joanda, arazoei utzi eta filmatzeari eutsi! Akabo kontua! Total, ponpatik tiratzen nagoela “Brianen bizitza” pelikula ahaztezina bueltatu zait gogora, eta ez dakit zergatik. Mahaira bildu naiz berriro, kafeari bero kolpe bat eman ostean, eta orri pasan segitu dut, goizez. Azoka! Urtero bezala, batzuen konstituzio eguna eta batzuen ez dakit zein ama birjinaren eguna baliatu, asteburua modu transgenikoan luzatu eta hara! Azoka! Kolpea gero! Bi egun horien batere zale ez denarentzat ere aukera leiho! Leihoa zabaldu eta arnasgune! Arnasa hartu eta bizi! Bizi eta euskara bidaide eraldatzen saiatu! Izan ere, eraldatzen hasita probatzen da zelakoa den kontakizuna; kontu-kontari ibiltzeak ez baitu bidea egiten. Total, azoka DA euskararen oasia epaileen oldarraldiko tenplu itogarrian. Poetarena gogoan: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Epaile askok sekula ere ulertuko ez dutena, sekula hori santa balitz ere! Bada, bai, etikaz ari naiz. Portzierto, aste honetan ospatu da berezko eguna duen Zoruaren Nazioartekoa. Zorua gora eta behera, egunak agindu legez. Noizko zoruari sarri itsasten zaion Etikaren eguna? “Sarri, sarri, sarri, sarri…”. Eta noizko ere Zorua eta Identitatea hartu Lurraldearen etikan ardatz? GARAko “peatón” gogoan!