13 DéC. 2024 Berrelkartzeak Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Fran Lebowitz idazle estatubatuarrak sarritan esan du: «Nostalgia pozoia baino ez da kulturaren barruan». Neurri batean bat nator Lebowitzekin, baina pertsonalki maite dut nire Delorean partikularrean iraganera bidaia egin eta noizean behin nostalgiaren aparretan galtzea. Esperientziak, ezagutzen dugun horrek, segurtasun sentsazioa ematen digu. Badakigu zer gertatu zen, ekintzak gure buruan berreraiki ditzakegu behin eta berriz. Nostalgia positibotzat jotako esperientziak gogora ekartzeko erabiltzen dugun mekanismoetako bat besterik ez da. Ez dut uste orainari begiak itxita aurre egiten diogunik, edota iraganean ezkutatzen ari garenik; oroitzapen samurretara bidaiatzen dugu etorkizunari ahalik eta aldarte baikorrenean heltzeko asmoz, besterik ez. Oroitzapen berezi horien artean telesailak eta filmak ere ageri dira. Azkenaldian, telesail klasikoen eta film ikonikoen inguruko berrelkartzeak kultur fenomeno bihurtu dira, eta zaleen arreta bereganatu dute: “Friends”, “Harry Potter”, “The Goonies”, “Love Actually” eta abar. Aktore eta sortzaileen arteko elkartze horiek sare sozial eta komunikabide askotako lerroburuak bete dituzte; oso arrakastatsuak izaten dira. Bilera ezin sinpleagoak izaten dira eta sarritan oso aspergarriak, baina zerbait berezia dute; gure bizitza zinematografikoaren parte izan diren aurpegi horiek berriro ikusteak zirrara moduko bat eragiten du, ezta?