14 DéC. 2024 Egiaren «Guardasol gorria» eta Fuchsen «Lurrez estali» dakartza Ganbila bildumak Ganbila antzerki bildumak bi nobedade ditu: Lutxo Egiaren “Guardasol gorria” eta Ximun Fuchs eta Axut! Kolektiboaren “Lurrez estali”. Umore absurdoa ardatz duten hiru antzezlanek eta performance batek osatzen dute lehena, eta euskal kulturaren fokua Izuran kokatzea lortu duen antzerkia da bigarrena. Lutxo Egia eta Ximun Fuchs, haien liburu berriak aurkezten, Donostian. (Jagoba MANTEROLA / FOKU) MAIDER IANTZI GOIENETXE Susa literatura argitaletxeak eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen artean plazaratutako proiektuak, Ganbilak, bi liburu berri plazaratu ditu: Lutxo Egiaren “Guardasol gorria” eta Ximun Fuchs eta Axut! Kolektiboaren “Lurrez estali”. Ostegunean aurkeztu zituzten Donostian. Oier Guillan editoreak sarrera egin zion lehen liburuari. Hiru antzezlan eta performance bat biltzen ditu. Umore absurdoak ardazten ditu antzezlanak. Horietatik bi taularatzen ari dira: Mikel Martinez batetik (‘Hamalau’ obra) eta Ane Zabalaren eta Galder Perezen Giltxikaro bestetik (‘Identitarteak’)». Euskaraz eta batez ere euskaratik pentsatua, gutxitan ikusitako esperientzia bat ematen du performanceak. Literaturari estu lotuta sortu den proiektuan, dokumentazioa eta esperientziaren kontakizuna gakoa dira irakurlea publiko bilakatzeko. Lutxo Egiak (Bilbo, 1969) agertu zuen “Identitarteak” Igor Elortzak asmatutako hitz batetik datorrela. Bidaia bat da, mundu itxi, aldaezin eta esentzialistatik egun identitateak konfiguratzen dituzten praktika sozialetara. “Hamalau” obran notario bat ageri da eraikin bateko hamalaugarren pisuan. Bezero baten suizidioa egiaztatzera joana da. Ez da ohikoa, baina nor da bera juzgu moralik egiteko? Hirugarren antzezlana “Free Tour” da. Tour bateko gidaria auzo historiko batean barrena abiatu da. Portaera ezohiko bat agertuko du, eta gauza bitxiak gertatuko dira. Azkenik, “Haren da nire” performancea Bartzelonan egin zuen. «Harkaitz Canori eskatu nion bizitza bat idazteko, nik bizi eta biziarazi behar nuena. Casting bat egin nuen egiaztatzailea aukeratzeko, eta Ana Galarraga hautatu nuen». ETXALDE BATEN GAINBEHERA Gaizka Sarasola editoreak aurkeztu zuen “Lurrez estali”. Laborantzaren egoera larria azaltzen du, denboran irauten duen testu batekin. Herri antzerkiaren kodeak baliatuta, nortasun handiko pertsonaiak eraiki ditu zuzendariak. «Barrea eta negarra sortzen digute, baina idazleak ez du kanpotik begiratzen, barnean dago». Ximun Fuchsek (Larzabale, 1974) oroitu zuenez, Irulegiko Eskutik hasi zen obra. «Esku hori lurrean aurkitu zen. Lurra zaintzen, egokitzen eta moldatzen duten eskuak behar ziren aipatu, laborariak, etxaldea». Landan hezia da bera, eta hainbat lagun laborari ditu. «Bada mito bat euskararen etxea dela laborariena, eta biak oso gaizki zainduak eta martirizatuak dira; horren lekuko, laborari askok bere buruaz beste egitea. Baina berdin du», salatu zuen. Antzezlanean, etxalde bat gainbehera dator; familia gehiena hirira joan da eta udan etortzen da, bio-eko guztiarekin konektatzera. Sekula existitu ez den mundu baten nostalgia bat da eta errealitatearekin topatzen da. ATE GIBELEAN«Zerbait eskaini behar zen handia. Eta hamahiru aktore, lau zaldi, traktore bat eta gaztelu bat, denak biltzen gara obran. Bost asteburutan eman genuen. Jendea Euskal Herri osotik etorri zen Izurara. Euskal komunitatea prest da erronkak hartzeko eta atearen gibelean dagoena begiratzeko», adierazi zuen Fuchsek.