14 DéC. 2024 KLIK Santa Lutzi: freskotik eguraldia, gozotik giroa Gotzon ARANBURU FOKU Fresko, hotz -«galanta», baten batzuen esanetan-, egiten zuen atzo Zumarraga eta Urretxu aldean, batik bat goizeko lehen orduetan. Baina ez jendea Santa Lutzi azokatik urruntzeko adina. Beste urte batez jende andana ibili zen kalez kale, postuz postu, hau ikusten, hori dastatzen eta beste hura erosten. Abereen erakusketak hemen, elikagai eta artisautza postuak han, sariketak non-nahi, pilota partidak frontoian. Jan-edanean -eta dantzan, Zatekeen taldearen emanaldiarekin- denen barruak ederki berotu ziren.