19 DéC. 2024 Epai batek arrazoia Ernairi eman dio Ertzaintzaren aurrean, isunak murriztuz Ernaik auzitara eraman zuen Ertzaintza, 2023an Gasteizen eta Bilbon egindako protestengatik 133 gazteri neurriz kanpoko isunak jartzeagatik. Azaldu dutenez, lehen epai batean, gazte antolakundearen eskariaren zati handi bat jasotzen da, Gasteizko isunak bertan behera utzita eta Bilbokoak murriztuta. Epai honek 30 gazteri eragiten die. Ernaiko ordezkariak, adierazpenak egiten, Gasteizko epaitegien aurrean, azaroak 28an egin zen epaiketaren egunean. (Raúl BOGAJO | FOKU) GARA GASTEIZ Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren espetxeratzea salatzeko, Gasteizen eta Bilbon egindako bi protestengatik 133 gazteri ezarri zizkieten isunen desproportzioarengatik eta partzialtasunarengatik Ertzaintza epaiketara eramatea erabaki zuen Ernaik. Mozal Legea baliatu zuen Ertzaintzak zigorrak ezartzeko, eta 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak bidali zizkien gazte horiei. Guztira, isunen zenbatekoa 290.500 eurokoa zen, ezohiko zigorra protesta baketsu baten kontra, eta Ernaik bere aurkako operazio gisa salatu zuen. Gai horri buruzko lehen epaiketa azaroaren 28an egin zen Gasteizen, eta neurri handi batean epaiak arrazoia eman dio gazte erakundeari. Izan ere, GARAk jakin ahal izan duenez, epaileak Gasteizko protestarengatik isunak bertan behera utzi ditu eta Bilboko zigorrak nabarmen jaitsi ditu. 2.500etik 1.800era beheititu ditu eta 900 euroko aurreordainketarako aukera ezarri du. Hori horrela, epaia irmo bihurtuko balitz, Administrazioak aurreordainketa egin duten gazte horiei 350 euro itzuli beharko dizkie. PROPORTZIORIK EZA Beherapen horrek ertzainek salatu zuten larritasuna ez dagoela justifikatuta adierazten du. Alde horretatik, Ertzaintzaren jokabidean proportziorik eza eta partzialtasuna izan zirela frogatzeko gazteen defentsak erabili zituen argudioak onartu ditu epaiak, hein handi batean. Mozal Legea erabilita ere, legean dauden aukeren artean larritasuna esajeratu zuen Poliziak, isun handiak ezarri ahal izateko. Ondorioz, Ernaik uste du frogatuta geratu dela euskal gazte antolakundearen aurkako operazioa izan zela. ERREKURRITU DAITEKE Hala ere, ebazpena errekurritu daiteke. Lehenbiziko epaiketa honetan 30 kasu aztertu ziren. Beste 100 gazteren kasuak oraindik epaitu gabe daude, eta horiek aztertzeko epaiketak datorren urtean izango dira. Jakina, lehenbiziko epai honekin gertatzen denak atzetik datozenak baldintzatu ditzake, zentzu batean edo bestean. Gaur Ernaik prentsaurrekoa egingo du, epaiaren nondik norakoak eta gainerako epaiketetan jarraituko dituzten urratsak azaltzeko. ISUNEN JATORRIA 2023ko irailaren 22an Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteen espetxeratze agindua gaitzesteko, Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu zuten gazte gehienak identifikatu zituen Ertzaintzak, eta hilabete batzuk geroago heldu zitzaizkien isunak. Ordutik egindako agerraldi eta mobilizazioetan gazte antolakundeak argi adierazi du Segurtasun Sailetik jasotako tratua «desproportzionatua eta arbitrarioa» izan zela. Gazte erakundearen ustez, jokabide horren helburua «Ernai ekonomikoki itoz, politikoki desagerraraztea» zen. Gainera, NAIZ Irratian egin zuten elkarrizketan azaldu zutenez, gazte erakundeari egindako kalteaz harago, «herri mugimenduarentzat aurrekari bat markatzen du Mozal Legea horrela aplikatzeak». Hori ere jokoan dago epai hauetan. LARRITASUNAErtzaintzak larritasuna egotzi zien protestei eta, horren ondorioz, isun handiak ezarri zizkien gazteei, Mozal Legea baliatuz. Isun horiek bertan behera utzi ditu orain epaiak, Gasteizko kasuan, eta nabarmen murriztu ditu Bilboko kasuan.