GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
AITOR VALCARLOS eta JON VIEJO
La Txama taldeko musikariak

«Etenik gabe soinu mexikarragoa edo hobea lortzen saiatuko gara»

La Txama likido samarra den talde bat da, aldaketa dezente izan dituena. Single batzuk plazaratu zituzten taldea ezagutzera emateko, baina horietatik bakarra sartu da diskoan. Aitor Valcarlos eta Jon Viejo kideekin hizketan izan gara, nahiz eta diskoan Martin Cervantes ‘‘Tuli el bachatuli’’, Jonatan ‘‘Afu’’ Quiñones eta Luis Sanchez ere lanean aritu diren.

(Erik SUSO)

 

La Txama likidoa da. Hasieran Peye Honey, Pello Armendariz eta zu, Aitor Valcarlos, elkartu zineten taldea sortzen, baina asko igaro zarete dagoeneko La Txamatik.
AITOR VALCARLOS:

Bueno, hasieran horrela hasi ginen, baina beti esan izan dugu La Txama kolektibo bat dela eta oinarrian bost musikari garela. Gero kolektiboa aldatzen joan da.

JON VIEJO:

Guk gure tribua daukagu atzetik, eta akaso kontzertu batean bost gara eta beste batean hamasei.

«La Txama» kantuak esan daiteke zuen izaera edo nolakotasuna definitzen duela. Nazkatuta egongo zarete dagoeneko hau definitzeaz, baina nondik dator «Txama» hitza.
A.V.:

Egunerokotasunean erabiltzen dugun hitza da, «ze faena», «ze putakeria», «ze txama». Gu hori garelako pixka bat, joaten garen tokira hori sortzen dugulako pixka bat, faena bat.

Hori akaso bai, baina zoazten tokian sekulako festa antolatzen duzue. Bai behintzat Glad is The Day jaialdian Donostian edo Errenteriako Atlantikaldian. Egun hartan kabitzen al zineten oholtza gainean?
A.V.:

Ez. Oholtzako jarrera aldatu behar izan genuen horregatik, ez ginelako altueran sartzen. Normalean U forman jartzen gara, Jon erdian helikoiarekin, gitarrak alde batean eta haizeak bestean dituela.

J.V.:

Altuerari dagokionez, ni ez nintzen kabitzen, eta izkina batean egon behar izan nuen. Baina toki okerragotan egon gara eta, honenbestez, ohituta gaude halako gauzetara.

Jende askok kolektibo moduan ikusten zaituztete, parranda giroa dagoela. Nahaste-borraste moduko bat ere eman dezake guztiak… Hala ere, izatez musikari serioak zarete eta ibilbide luzekoak, gainera.
A.V.:

Proiektu hau martxan jarri genuenean, ezagutzen nuen jendearekin jarri nintzen kontaktuan. Jon txikitatik ezagutzen dut, Tuli ere aspaldi… Musikalki fin ibiltzen zen jendearekin hasi nintzen harremanetan, nahiz eta gero kanpotik parranda taldea garela irudikatu. Baina, bai, iruditzen zait musikari onak garela esan daitekeela.

J.V.:

Adarra jotzen didate, beste elkarrizketa batean esan nuelako gure musika ez zela ikusle finenentzat. Hau da, afinatzailearekin joaten direnentzat ez gara. Parranda taldea gara, eta horrek ez du esan nahi gaizki jotzen dugunik.

Hau da, ez pentsatzeko Mariachi Real de Mexico ikusiko duenik bertaratzen denak. Txarangatik gertuago dagoen lagun talde bat dela esan daiteke?
A.V.:

Agian bai. Tuli izan ezik, gainerako denok pasatu gara txarangetatik noizbait. Compa Luisek, gainera, tronboia jotzen du eta La Txaman bertan ere abesti bat jotzen du tronboiarekin.

J.V.:

Gure nahasketak ere egiten ditugu. Luisek gitarra uzten du bat-batean, tronboia hartu eta Aitorrek abestu orduan… eta halakoak.

Musikan sartuta, lehen abestitik instrumentazio guztia sartzen da. Hori bai, baxua eta helikoia nahasten dituzue, eta pertzepzioa ere galdu daiteke uneren batean zer den zer bereizteko.
A.V.:

Belarri fina zurea. Hori da Mexikoko musikan, korridoetan, asko erabiltzen den konbinazioa, nahiz eta guk abesti honetan bakarrik egin dugun. Helikoiaren eta kontrabaxuaren nahaste hori asko egiten da. Erabili nahi genuen errekurtsoa zen, zalantzarik gabe.

 

J.V.:

Disko osoa izan da gure esperimentuak jorratu ditugun toki bat, eta funtzionatu digu, argi dago. Bakoitza toki batetik gatoz eta gauzak probatzen joan gara. Korrido bat funky ukituekin, cumbia bat… Jolasean ibiltzen gara.

A.V.:

Lehen diskoa da, lehendabiziko abestiak; hortaz, talde bezala bagenekien zer genero egin, baina ikusi behar genuen nola egin behar genuen gero eta fidelagoak izateko mexikar musikarekin, jakinda euskaldunak garela. Bueno, eta gaztelarrak eta aragoiarrak. Soinua bilatzeaz gainera, elementuak nola erabili ere ikasi behar izan dugu.

Grabaketak non egin diren diskoan ez duzuela jarri esan didazue, baina jakin nahi dudan gauzetako bat da, haizezko instrumentuekin egindako musika izateko oso ondo grabatu eta nahastua dagoelako, eta hori Euskal Herrian oraindik ere erronka handia izaten da.
A.V.:

Bada, esango dizut disko hau guk grabatu dugula, bi toki desberdinetan. Toki bat Honey Peyeren lokala da, eta bestea, Eñaut Gaztañagaren estudio zaharra. Baina dena guk ekoitzia eta gure gailuekin grabatua izan da.

Soinuarekin gustura geratu arte zenbat denbora pasa duzue?
J.V.:

Aste dezente pasatu direla esango nuke.

A.V.:

Kostatu zaigu gure soinua topatzea, batez ere haizeen konponketan. Bonbardinoaren lerroak tronboiarekin egiten ditugulako, eta horretarako desberdin jo behar izaten da, altuxeago eta halako gauzak. Oraindik ere lan horretan gabiltza, eta etenik gabe soinu hobea edo mexikarragoa lortzen saiatuko gara.

J.V.:

Hasieran ikusi genuen, erronken artean ikusi genuen Euskal Herrian ez dagoela musika mota honetako erreferentziarik. Hortaz, guk genekien horrekin eta Tuli teknikaria dela zortea dugunez, gauzak probatzen joan gara. Zerrenda batean apuntatzen genituen gure ustez aldatu beharreko kontuak, eta Tuli gaixoa erotu dugu, zerrenda luzeak zirelako, eta denbora urria.

Zuzenekoak noiz eta nola dituzue?

A.V.:

Urtarrilaren 3an hasiko gara Bilboko Kafe Antzokian, Chill Mafiako lagunekin, beren agur bira horretan. Bergarako Kartzela Zaharrean segituko dugu urtarrilaren 24an; Legution, otsailaren 1ean; Gasteizko gaztetxean, 7an; Durangon, 40 Minutu Rocken, 15ean. Madrilen eta Bartzelonan berriz ere Chill Mafiarekin ibilita, martxoaren 15ean Donostiako DabaDaba aretoan bi pase eskainiko ditugu. Apirilean, berriz, Ordizian eta Atarrabiako Totemen arituko gara. Maiatzera arte baditugu dozena inguru aurkezpen kontzertu.

Eta gero udakoak, noski.

A.V.:

Maiatzean geldialdi txiki bat egingo dugu, eta hilabete horren bukaeran udako birarekin topera jarriko gara. Euskal Herriko txoko guztiak bisitatzea da gure plana, eta, bide batez, diru asko egitea.

Eta osasuna zaintzea? Hau diot, parranda giro hori ikusita, asteburu berean hiru edo lau kontzertu tokatuz gero… ez dela erraza izango. Hau da, parranderoaren irudia eman behar duzuela parranderoegiak izan gabe.

A.V.:

Ez dakit gogoratzen duzun, baina Gladiseko kontzertura oso ondo iritsi ginen, eta hirugarren eguna zen. Nik lehen egunean kotxea eraman nuen ez edateko, bigarrenean kontzertua bukatu eta etxera itzuli ginen segituan, eta hirugarrenean, bai, kontzertuaren ondoren sekulako parranda egin genuen. Gure gurasoak ere parean genituen, eta hori bitxia da. Kontzertu horretarako hiru abesti besterik ez genituen argitaratuta. Uda nahiko esperimentala izan da guretzat, abestirik ia argitaratu gabe zuzenekoak ematen ari ginelako. Jendeak asko deitu digu, eta harrituta gaude.

J.V.:

Hasieran sei edo zazpi kontzertu izan behar ziren, errodaje pixka bat egiteko. Eta uste dut azkenean hogei edo izan direla.

Ongi joan dadila dena.

Mila esker, plazera!