GARA Euskal Herriko egunkaria

Wilsooon!


Indiana Jonesen txapela, Jumanjiren mahai-jokoa, Star Warsen argi-ezpatak, Eraztunen Jaunaren eraztuna, Psicosis filmeko labana, Hannibal Lecterren muturrekoa eta abar. Objektu eta osagai ikoniko ugari jaio dira zinemaren historian, baina bada berezia den bat.

Zutabe hau idazteko inspirazio bila nenbilela, albiste honekin topo egin dut: “Cast Away” (“Náufrago”) filmak 25 urte beteko ditu aurten. XX. mendeko Robinson Crusoe baten gisa, hegazkin istripu baten ondorioz, uharte batean galdurik gelditu den gizon bati buruzkoa, bakardadean, bizirauteko burutu beharko duen borroka ardatz duen film zoragarria da. Chuck Noland protagonista nagusiaren rola maisuki jokatu zuen Tom Hanksek.

Une gogoangarri ugari ditu filmak, baina isolamenduaren eta adiskidetasunaren sinbolo gisa bertan ageri den elementurik ikonikoena Wilson pilota da.

Objektu horrek izandako eragina itzela izan zen: Estatu Batuetako Kritika Zinematografikoaren sarietan objektu bizigabe onenaren saria jaso zuen, adibidez. Gainera, markak berak onartu du kontratatu dituen kirol izarretako bakar batek ere ez duela Wilsonen arrakasta zifrarik lortu -tartean Michael Jordan saskibaloi jokalaria eta Pete Sampras tenislaria zeuden; beraz, pentsa-. Pantailan ikusten den objektu arrunt batek gurekin konektatzeko duen eragina harrigarria da, ezta? Zein da zuen kutuna?