08 JAN. 2025 SECRET LEVEL «Fan service»-arekiko menpekotasuna Gaizka IZAGIRRE HERNANI Hamabost film laburren serie antologiko bat dakarte “Love, Death + Robots” telesailaren sortzaileek. Bideojokoen munduko saga ezagunetan oinarrituta daude, eta bakoitza istorio eta izaera propioz josi dute. Atal bakoitzak istorio independente bat aurkeztuko du, eta bideojoko bakoitzaren estetika islatzen duen animazio estiloa du oinarri: “Warhammer 40.000”, “Unreal Tournament”, “Dungeons & Dragons” eta abar. Beste izenburu enblematiko eta askoz ezagunago batzuk falta direla senti daitekeen arren, telesailak aniztasun narratiboaren, bisualaren eta geografikoaren lagin orekatu bat eskaini nahi izan du. Deigarrienarekin hasita: arlo bisual eta artistikoak zur eta lur utziko du ikus-entzulea. Hipnotikoa da sortu duten mundu berezi horretan murgiltzea eta eskaintzen duten baliabideen armiarma sare horretan katigatuta geratzea. “Secret Level”-en arazorik handiena narratiban datza: serie antologikoei sarritan gertatzen zaien moduan, oso irregularra da. Formatu honek hainbat istorio jorratzeko aukera ematen duen arren, askok garapen falta nabaria dute. Erritmoa ere nahiko desorekatuta dago, eta kapitulu batzuk zirraragarriak dira, baina beste batzuk, berriz, azkar ahazten diren horietakoak. Distira egiten du zenbait unetan, bereziki bere sormen bisualagatik eta bideojokoei omenaldia egiteko duen gaitasunagatik. Zoritxarrez, “fan service”-arekiko menpekotasunak eta narrazioaren irregulartasunak ahuldu egiten dute seriea. Esperientzia gozagarria eta polita da. Bideojokoen zaleek bereziki gozatuko dute, baina zenbait atal azalekoegiak dira, eta pasarte batzuk, gainera, errepikakorrak.