24 JAN. 2025 ITOIZ UDAKO SESIOAK Bidaia katartiko baten hasiera G.I. HERNANI Juan Carlos Perez, Itoiz musika taldeko buruaren eskutik, taldearen memoria arakatu du Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak ondutako “Itoiz udako sesioak” dokumentalak. 70eko hamarkadaren amaieran Mutrikuko gazte batek rock talde bat sortzea erabaki zuen. Hamar urte geroago taldea aretoak bete eta disko salmenta handiak lortzen hasi zen. Euskal musikaren panoraman Itoiz erreferentzia bihurtu zen. Hamarkada bateko ibilbide labur baina arrakastatsuaren ondoren, Juan Carlos Perezek taldea amaitutzat eman zuen. Arrakastaren gailurrean taldea desegitea erabaki zuen; 30 urte geroago arrasto horiek ezin dira ezabatu. Aztarna horiek guztiak biltzen saiatu dira lan honetan. Perez gogoeta sakon batean murgilduko da, argitaratu gabeko zinta bilduma baten aurkikuntzaren ondorioz. Alde batera utzi nahi izan ditu taldeak momenturik gorenean pop estilora eman zuen aldaketa, eta ostean desegin izana. Itoiz musika taldearen lider izandakoak bidaia katartiko bat hasiko du, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona; taldeak 70. hamarkada hasieran rock progresiboan murgilduta igarotako urteak birgogoratuko ditu bertan.