24 JAN. 2025 Lakuak eta Ordiziako Udalak bat egin dute 146 etxebizitza babestu eraikitzeko Lakuako Etxebizitza Sailak hitzarmena sinatu du Ordiziako Udalarekin, Floreaga auzoan dauden partzela batzuetan alokairuzko etxebizitza babestuak eraikitzeko. Lehenengo 36ak eraikitzeko obrak udaberrian hastea aurreikusi dute. Ekimen honekin herrian den etxebizitza arazoari aurre egitea espero da. Adur Ezenarro alkatea, Denis Itxaso sailburuari lursailak erakusten. (Gorka RUBIO | FOKU) Nagore BELASTEGI ORDIZIA Denis Itxaso, Lakuako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Ordizian bildu zen atzo bertako alkatea den Adur Ezenarrorekin (EH Bildu). Aldez aurretik adostutakoa gauzatu zuten, udaberrian 36 etxebizitza babestu eraikitzeko hitzarmena sinatuz. «Etxebizitza sailburuarekin bilera egin dugu, martxan ditugun zenbait egitasmo eguneratzeko», aditzera eman zuen Ezenarrok. Azaldu zuen Floreaga auzoan eraikiko diren lehen 36 etxebizitza horiek ez direla zonalde horretako bakarrak izango. «Visesa enpresarekin ere badugu hitzarmen bat, 60 etxebizitza egiteko San Joan aldean», argitu zuen Ezenarrok. Horren ondoan dagoen lursail batean beste 50 eraiki ahal izateko akordio bat lortu nahian dabiltza jabe pribatu batekin. Honela 146 etxebizitza babestu aurreikusten dituzte. Bestalde, gorago dauden beste bi lursailetan, «80 (40+40) etxebizitza egiteko aukera dago, baina oraindik araudi aldaketa batzuen zain gaude, zailtasun batzuk dituztelako», esan zuen, guztira 226 etxebizitza eraikitzea posible dela aurreratuz. Horrez gain, alkateak Ordizia Eremu Tentsionatu izendatzeko plangintza garatzeko asmoa dutela helarazi zion sailburuari. «Zenbait neurri partekatu ditugu, eta plangintza horretan zer jaso beharko genukeen ere adierazi zaigu. Aurrerantzean ere espero dugu elkarlanean jarraitzea», esan zuen. Itxasoren ustez, bilera «oso emankorra» izan zen. «Kontuan izan behar dugu Etxebiden Ordizian 430 familia eskatzen ari direla etxebizitza babestua, eta horietatik 392k eskatzen dute alokairuan izatea. Ordiziak etorkinen errealitate horretan badu zer esana. Izan ere, Euskadiko herrien artean tasa altuenetarikoa dauka, eta horrek ere etxebizitzaren erronkari beste ikuspuntu bat ematen dio», azaldu zuen. Ordizian lortutako hitzarmenak kontuan izanik, Itxasok adierazi zuen Lakuak «apustu handia» egin duela, «Ordizian momentu honetan dauden eskakizunei erantzun bat emateko». «Askotan esaten dut etxebizitzaren arazoa ez dela hiriburuen arazo bat. Gipuzkoak batez ere, baina EAE osorik, orekaren kontuari garrantzia handia ematen dio, eta horrek esan nahi du Ordizia bezalako udalerri batek ere behar dituela etxebizitza gehiago, bere populazioa finkatzeko, eta horregatik apustua ere egin behar dela herri ertainetan», aipatu zuen. «ALFONBRA GORRIA» Ordiziako Udalaren prestutasuna positiboki baloratu zuen Itxasok, Lakuari lursailak eskaintzen dizkiolako: «Guk eskatzen dugu Jaurlaritzari alfonbra gorri bat jartzea: lursailak erraztea eta fiskalki zerga txikiak jartzea etxebizitza babestuak eraiki ditzan». Eraikiko diren lehen alokairuzko 12 etxebizitzak bi logelako 11 eta 1 logela bakarrekoa izango dira, eta denek izango dute terraza edo balkoia, baita garajea eta trastelekua ere. 54 eta 65 m2 erabilgarri bitartekoak izango dira, eta etxebizitzetako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutakoa izango da. 1,89 milioi euroko aurrekontua du obrak. Bigarren fase batean beste 24 etxebizitza eraikiko dituzte (4,5 milioi), aurretik deskribatutako ezaugarri antzekoez: 54-65 m2, terraza edo balkoia eta trastelekua. 23 etxek bi gela izango dituzte, eta batek bakarra, eta denen artean bat mugikortasun urriko pertsonentzat prestatuko dute. Bi eraikinek kalifikazio energetiko altuena (A) izango dute. Eudel cuestiona el anuncio del pacto en vivienda La vicepresidenta de Eudel y alcaldesa de Azpeitia, Nagore Alkorta, mostró su sorpresa por el acuerdo en vivienda anunciado por Imanol Pradales con Eudel para ampliar la reserva de suelo público. Recibió la noticia con sorpresa porque «no tengo ninguna noticia al respecto. La problemática de la vivienda es demasiado profunda para jugar con puro marketing». Anunció que EH Bildu llevará este punto a la dirección, porque considera «grave que se hagan predicciones de esta envergadura» sin comentarlo antes con Eudel. GARA 430 FAMILIAOrdizian 430 familiak Etxebiden izena eman dute, etxebizitza babestua eskatuz; horietatik 392k alokairuan nahi dute.