GARA Euskal Herriko egunkaria
AMERICAN PRIMEVAL

Mendebalde Urruneko ikuspegi basatia eta gordina


Lehen minutuetako sekuentzia odoltsuak, naturaren presentzia basatiak eta muturreko egoeran bizi diren pertsonaiak, Alejandro Gonzalez Iñarrituren “The Revenant” (2015) gogoraraziko die ikusleei. Ez da kasualitatea: Mark L. Smithek idatzi du seriea, Iñarrituren film laudatuaren gidoilari bera da.

1857an Utahko (AEB) lurraldean girotua, Mendebalde Urruneko ikuspegi gordin eta iluna eskaintzen du “American Primeval” telesailak. Kolonoen, mormoien, amerikar natiboen eta estatubatuar armadaren arteko tentsioak arakatzen ditu. Kaosa, bortizkeria, heriotza eta odola izango dira nagusi. Zinemaren historian arakatuz gero, oso erraz ohartuko da ikuslea western generoan maskulinitaterik toxikoenak eta kaltegarrienak topatu daitezkeela: Mendebalde Urruneko film gehienetan gizonezkoek soilik izan dute ahotsa eta presentzia. Bada, serie honetan ez. Tira, edo ez hainbeste behintzat. Seriea korala da, pertsonaia eta azpi-trama ugari aurkeztuko dituztelako, baina triskantzaren erdian hiru emakume nabarmenduko dira nagusiki: ihesean dabilen Sara (Betty Gilpin), Abish (Saura Lightfoot-Leon) eta “Two moons” (Shawnee Pourier).

Pertsonaien ideologia kontrajarriek dramaren zati handi bat bultzatuko dute, doktrina erlijiosoaren eta sinesmen indibidualaren arteko borroka erdigunean kokatzen baita. Gizakiaren gizatasun ezari eta kontrako iritzien aurrean ageri den krudelkeriari buruzko telesail laburra da. Agerikoa da erlijio instituzionalizatuari ere egiten zaion kritika.

Istorio gordinak, entretenigarriak eta bortitzak maite dituztenentzat proposamen ezin hobea da.

Baina, egiari zor, gidoia ez da bereziki berritzailea, eta azken txanpako atalak ez dira hasierakoak bezain indartsuak. Telesail aparta da, baina askoz hobea izan zitekeen.