26 JAN. 2025 ZORROZTARRIA Nazioa, forutik forora Julen MURGOITIO Zein eta horiek, noiz eta orain, non eta batzokietan, zertan eta borrokan. Azkenean ulertu dut EBB zer horrena: Euzkadi Batzoki Borroka! Izan ere, alderdiaren CEO berria hautatzeko prozesuan ari dira eta... ustekoak argituta, ezustekoak hasi zaizkie agertzen hor-han. Omen, amen! Auskalo azkenean kopa zeinek altxatuko duen “Gure EBB Berria!” oihu egiteko. Orduan jakingo da zein uzta izan duten azkeneko urteetan, jakina baita esaera zaharrak dioena: batzuetan, uzta ustel! Eta upela ere kontuan hartzekoa, ez dadin lar epela izan politikaren upeltegian. Total, Jainkoak berak ere baleki! Ba ote du azken honek urduri egoteko motiborik bere lege zaharren geroko kontserbazioaz? Amen! Dena dela, gauzak diren moduan aitortu behar dira, eta zutabe horizontal honetan, izan ez badira ere, zer demontre! Egia da azken sasoietan aldaketa esanguratsuak eman direla jelkide eta jeltzaleen hiztegi partekatuan. Horra, urrun ez den koiuntura garai batean foru-nazioa izan zuten aldarri. Ba gaurkora etorrita, foruak “forrutik pasa” eta foro-nazioa ari dira han-hor-hemen gauzatu nahian, foroz foro eta foroka. Etxebizitza izan, nerabeak izan, biodibertsitatea izan... zer non, foroa han! Kontsultarako foroak izanda, nago ni osasun arlokoa kontsultategi bateko itxaron gelan bildu daitekeela, denboraz estu ez ibiltzearren. Ez dut zalantzan jartzen foroak beharrezkoak direla, direnak eta oraindik ez direnak ere ezinbestekoak direla, gaiak mahai gainean jarrita eragile guztien arteko eztabaida sustatzeko. Baina interes guztiak ez dira bateragarriak, eta interes orokorra berez orokorra ez den interesaren gainetik jartzean, probatu behar da nolakoa den foroa. Ez dadin gertatu foro batek armagintza eta nuklearkeria defendatzea interes orokorreko kontuak bailiran! Halako uztak ustelak direlako!