29 JAN. 2025 «Qué lástima» bigarren disko luzea zuzenean aurkezten hasi da Maren Maren musikari gallartarrak aurreko urtea bukatzear zela argitaratu zuen bere ibilbideko bigarren lan luzea. Madrilgo Vesta aretoa jendez mukuru beteta zela hasi zuen bira iragan astean, eta ostiral honetan, urtarrilak 31, Donostiako Antzoki Zaharrean izango da. IKER GURRUTXAGA DONOSTIA Marenen disko berriak azaroaren 8an atera behar zuen, eta orduan ere norbaitek oihukatuko zuen ‘‘¡Qué lastima!’’, diskoa azaroaren 29ra arte ez publikatzea erabaki baitzuen musikari bizkaitarrak Valentziako Goidi-aren kaltetuei errespetua gorde asmoz. Izan ere, Mediterraneo inguruan ongi ezagutzen dute Marenen musika, hango jaialdi askotan ibilia baita bere musika aurkezten. Bira berria aurreko astean abiatu zuen, Madrilen; Vesta aretoa jendez bete-beteta zegoela, sarrera guztiak saldu zituen. Aste honetan, ostiralean, urtarrilak 31, Donostiako Antzoki Zaharrean birari jarraipena emango dio. Otsailaren 13an, Bartzelonan, bere egungo bizitokian, izango da hurrengoa eta, momentuz iragarri duen azkena, Bilbon, BBK aretoan, apirilaren 12an. HELDUTASUN NABARMENA DUEN DISKOA Marenek ‘‘Margaritas y lavanda’’ lehen diskoa 2021ean atera zuen, eta lau urte alferrik igaro ez direla nabari da ‘‘Qué lástima’’ lan berri honetan. Orduan ere zuen gaztetasunerako, helduagoen munduan kokatu genezakeen kantu sorta eskaini zigula aipatu genuen, baina honetan bidean ikasitako guztia diskora nola eraman duen ikusi dugu. Hamar abesti dira Edu Martinez eta Carlos Dueñasekin landu eta kaleratu dituenak, bost bideoklip landurekin batera. Barrura begira jarri eta gisa horretara kanporatu ditu hitzak, oraingoan alter-egorik baliatu gabe. Musikaren industrian ezagutu duen alde ilunaren eta mundu horretan egoteko apustua egin izanaren gorabeherek zerikusirik izan dute idatzi dituenetan. Eta hori kontatzeko moduan, gaztea dela erakusten duen arren, aurreko diskoan izan zezakeen nerabe puntu hori desagertu egin dela esan dezakegu. ALDAKETA MUSIKALA Maiz aipatu izan da tradizioaren eta abangoardiaren arteko nahasketa egiten dabilela musikari asko, batez ere folkaren bueltan. Bada, Marenek 60-70etako musikarekin gauza bera egin duela esan dezakegu. Garai haietako perkusio soinuetatik abiatu eta gaur egungo sintetizadore eta indie eszenako ekoizpenetara bideratutako kantuak baitira sortu dituen gehienak. Zuri-beltzeko telebistan ikusten ziren rock taldeen unibertsoa eta MTVko indie eszena britainiarreko taldeena uztartu dituela esan daiteke. Dena dela, kantu guztien artean badira hiru oso desberdinak direnak. Anne Lukinekin batera abesten duen ‘‘Acostumbrarme’’ kantuak punk izpiritua eta amorrua ditu. Euskaraz egin duen ‘‘Haginekaz’’ kantuan, berriz, esperimentazio dezente dagoela esan daiteke, techno ukitu bat, gitarra akustikoa… harrigarria izan da kantua disko honetan. Single moduan etorri zen ‘‘Plastificar’’ da azkena, kantu biluziena, bikotea duen Victor Rossyrekin abesten duena. Madrilen elkarrekin izan ziren biak. Donostian ere izango ote da aukera hori? Ikusiko dugu. INDIE ESZENANMaiz aipatu izan da tradizioaren eta abangoardiaren arteko nahasketa egiten dabilela musikari asko, batez ere folkaren bueltan. Bada, Marenek 60-70etako musikarekin gauza bera egin duela esan dezakegu