30 JAN. 2025 Haur eskoletako bigarren grebak %85eko babesa izan duela diote sindikatuek GARA DONOSTIA EAEko Haurreskolen Partzuergoan lehen lanuztea egin zuten asteartean %85etik gorako parte hartzearekin, eta atzo bigarren eguna izan zuten emaitza berdinarekin, sindikatuek adierazi zutenez. Lakuaren arabera, %48,96ko jarraipena izan zuen, ordea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan urtarrilean eta otsailean deituriko hamabi greba egunen artean lau Haurreskolak Partzuergoari dagozkio. LAB, Steilas eta ELA sindikatuek “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!” leloarekin deitu zituzten greba egunak «arrakastatsuak» izan zirela nabarmendu zuten. Izan ere, haur eskola batzuetan lanuztea langileen %100ek babestu zuen. Greba egun horietan, langileak Eibarren mobilizatu ziren asteartean, eta atzo elkarretaratzeak egin zituzten Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Hezkuntza ordezkaritzetan. HITZARMENA BERRITZEA Greba hauen bidez langileek salatu nahi dute Haurreskolak Partzuergoaren lan hitzarmena ez dela 16 urtetan eguneratu. Hitzarmen berri bat nahi dute, beharginen lan baldintzak hobetuko dituena, besteak beste, lan zamak arintzeko, euskara bermatzeko eta erosahalmena berreskuratzeko neurriekin. Gaur eta bihar, halaber, grebara deituta daude Hezkuntza saileko sukalde eta garbiketako langileak.